GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

ANDONI SALAMERO ALBERDI

Egunsentiaren ate izozturik, Xabier

«Solasean aritu ginen/ eta begiak erabat jaso gabe/ galdetu zenidan/ zer ote da eternitatea/ bai al legoke iraunkortasunik haientzat./ Baina nik ez nekien/ eta arratsaldeari begira/ erantzun nizun/ eternitatea gugan legokeela/ gu ginela hildakoen betikotasuna/ gaueko neguetan/ izarretan leudekeela haien arimak/ hain distiratsu, hain urrun/ gu haien lurralderuntz goazenean/ galderak beharrezkoak ez diren/ erresuma baketsuetara».

Kaixo Xabier: «Egunsentiaren esku izoztuak» liburutik aukeratu berri dudan pasartea izan da honakoxea, nahigabeak eraman nauena, ez nahita, nahigabe, barruak berak berau aukeratu balu bezala, auskalo zergatik. Solasaren begiak atsegin dituen batek, ziurdanik, hartzaile samur eta abegikor zenuen emaztea faltan botatzen zenuen, hain da mugatua eta laburra izateak eskaintzen duen arnasa. Arnasa horrek eutsi zintuen, nola edo hala, taupaka izate honetan, eta honela, apaka, apurka idatziz, zure eskuen trebeziaz, adimenaren dotoreziaz, bihotzaren ezti-ozpinez ehotutako hitz samurrez, hain zenuen gertuko eta handi Lurdes denaren, ez zenaren, itzala goratu zenuen, eta goratzen duzu, Maitasunez, hitz larriz idatzi behar genukeen sentimendu minez, grinez eramanez zure ezina, eta hala eskaini zenizkigun goran aipaturiko ahapaldi horiek bezala: kantuak, kontuak, irriak eta lantuak, nekeak eta pozak, herri bati garraxi bortitzean giza-abere kolpatu baten bertsoak, sentitzen zenuena abestuz, abesten zenuena sentituz, abestia, hitza, bizitza honi, haserrez eta atseginez, zor zaion guztia lagunekin, etxekoekin, herriarekin, gerturatzen zitzaizkizun guztiekin bizi eta partekatuz

Arratsaldeari begira gaude, guk eternitatea gugan dagoela pentsatzen dugu, gu gara, Maitasunaren bidez, indar amultsu eta hurbil horren bitartez, oroitzeaz gain, memoriaren atetik betikotasunaren lautadara gureak eta maitatzen genituenak gertuagotzen ditugunak. Sentimendu ezti horrek, Maitasunak, garamatza, benetan, zurekiko eta maite ditugunekiko, joanak badira ere, hurbilagotzeko aukera bikaina eskaintzen diguna, haiekiko eta gurekiko bidexka ikusezina,baina ikusezina den sentimendu egiazko horrek ederrak, sentiberak diren hitzak esatera eramaten gaituena, horretan dihardugu, horretan jarraitu gura genuke. Zergatik? Beharbada, ondo esan zenuen eta esaten diharduzun bezala, izarretan dauden arimak izatera jaioak garelako, jaioz izaten garelako, eta ziurdanik, izanez, gerora izartzen garen argiak garelako.

Izate hau bizi izan duzu, Xabier, izarte, izartegi berri horretan zure benetako izana aurki dezazula, bakean, bakezko betean, maite dituzunekin, Lurdesekin, Mikelekin, Jesusekin, Jean Paulekin, Luis Marirekin eta hainbat etxekorekin, lagunekin, ez adio Xabier, biniloak, liburuak beza zure oroitza lurrean zabaldu eta izarrei begira gaudela gogoratuko gara zutaz eta goratuko dugu hitzez, ekintzez erditutako eta egoki itxuratutako zure bizitza. Zinez, egindakoagatik, esandakoagatik eta izandakoagatik, eskerrik asko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo