GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | SANTA LUTZI EGUNA ZUMARRAGA-URRETXUN

Euskal tradizioek bizirik dirautela erakutsi du Santa Lutzi feriak

Herri jakintzak dioen gisan urteko egunik motzena izanda ere, luze aprobetxatu zuten atzo Urretxun eta Zumarragan Santa Lutzi eguneko azokan. Azokak gainbehera doazela esaten den arren, izan zen atzo ganadu salerosketarik. Besteak beste, 130 moxal buru saldu ziren.

p018_f0266649.jpg

Janire ARRONDO

«Santa Lutzi; gaua moztu eta eguna hazi». Asko dira egun honen gainean mendeen joan-etorrian gorde diren atsotitzak eta usteak. Erabat zuzena ez bada ere, atzokoa urtean argi ordu gutxien dituen eguna dela esaten da, argitu orduko iluntzen duen horietakoa. Nolanahi ere, Zumarraga eta Urretxun Santa Lutzik azoka eguna esan nahi du, biltzeko eta festarako eguna.

Artean argitu gabe zela iritsi ziren Zumarragara atzo lehenbiziko ganaduzaleak. Geroxeago, baina hauek ere goiztiar, euren postuak dotore apainduko zituzten baserritar eta artisauak. Astelehena izanda ere, jaieguna bailitzan, inguruko herrietatik jende asko eta asko inguratu zen bertara, Zumarraga eta Urretxuko udalek egindako kalkuluaren arabera, 70.000 lagun. Zenbakiak zenbaki, lepo bete ziren herriko kaleak eta inguruko errepideak; Ormaiztegitik Zumarragarako bidean goizeko bederatzietarako hainbat kilometrotako auto ilarak zeuden eta gisa horretan jarraitzen zuen pare bat ordu geroago ere.

Tratua eta salerosketa

Santa Lutzi azokak, beraz, barazki, fruta, ezti, ardo edo oilasko eta kapoien postuak biltzen baditu ere, zaldien feria izaten da goizeko lehen orduetan arreta gehien bereganatzen duena. Euskal Herrian azokak salerosketarako baino ganaduak erakutsi eta ikusteko eguna izatera pasa dira azken hamarkadan. Hala ere, Santa Lutzi egunean mantentzen da oraindik traturako ohitura. Bazen atzo goizaldeko hiruretarako Zumarragara iritsi zenik ganadua erakusteko lekurik onenak hartzeko. Zehazki atzokoan, besteak beste, 133 moxal saldu ziren, 19 behor eta 4 zaldi. Euskal Herriko mendiko zaldi, haragitako edo abere talde onenak saritu zituzten atzo. Sari horiek aziendei balioa ematen diete, garrantzitsuak izaten dira zaldizaleentzat beste hainbat azokekin batera, Lizarrakoa edo Heletakoa kasu.

Urdaneta kaletik gertu, La Salle-Legazpi ikastetxean nekazaritza tresna eta lanabesak ikusi ahal izan ziren. Bestalde, eguerdi parteko merkatua izaten da erakargarriena. Urretxuko Gernikako Arbola plazan zein Zumarragako Euskadi plazan barazki eta fruta erakusmahai ederrak jarri zituzten.

Bi herriotako udalek emandako informazioaren arabera 480 postu inguru jarri ziren; artisau, ezti, lore, turroi, talo, gazta, erroskila edo nekazaritza tresneriak tartean. Erakusketak adina izan ziren, berriz, sariketak. Tartean, Errezil Sagar Lehiaketan 17 partaide bildu ziren eta epaimahaikoak euren postua ikustera pasa arte saldu ere ez zituzten egiten, epaileek perlarik onenak ikus zitzaten. Lehen lau irabazleen artean, hiru gabiriarrak izan ziren. Zumarragako fruta eta barazki lehiaketan ere Maria Etxezarreta gabiriarra izan zen garaile eta Urretxun Maddi Iradi hernaniarra fruta lehiaketan eta Arantxa Jauregi aramarra barazkietan.

Oilasko lehiaketan Telleriarteko Maria Teresa Medinabeitiari eman zioten euskal oiloaren saria eta Abaltzisketako Aitor Otamendiri arraza arruntarena. Kapoietan Aiako Mari Karmen Egurzak eta Urretxuko Jose Luis Elgarrestak irabazi zuten.

Eskualdeko Ezti Lehiaketan Felix Urzelai urretxuarrari eman zioten ezti ilun onenaren saria, Legazpiko Eba Maria Aztiriari ezti argiarena eta Francisco Lizarralde legazpiarrari ezti milalorea. Urretxuko XIX. Ardo Lehiaketako lehen saria Artuke upategiak eraman zuen.

Azoketan ohiko diren herriko kirol ikuskizunek, aizkolari eta harri-jasotzaileek, osatu zuten santalutzitako egitaraua.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo