GARA > Idatzia > Mundua

Kamikazeak kalte larriagoak eragiteko asmoa zuen, Suediako Poliziaren arabera

Suediako hiriburuan larunbatean izandako atentatuaren egilea identifikatu duela baieztatu dute herrialde hartako segurtasun indarrek. Aurreneko ikerketatik eratorritako informazioek diotenez, triskantza handiagoa zuen helburu eta laguntza izan zuen erasoa prestatzeko.

p020_f01_108x105.jpg

GARA |

Joan den larunbatean Stockholmen atentatua egin zuen kamikazearen identitatea «%98an dago baieztatua», Poliziaren arabera. Erasoa ikertzeko ardura duen fiskalak, Tomas Lindstrandek, ziurtatu egin zuen Taymur Abdel Wahal izan zela kamikazea, zerbitzu sekretuen hipotesia berretsiz. Aurretik, webgune islamiar batek publiko egin zuen erasotzailearen izena.

Wahalek bonba-gerriko bat, beste lehergailu bat eta presio eltze bat zeramatzan aldean, betiere fiskalak dioenez.

«Pentsatzekoa da akatsen bat egin zuela, lehergailuetako batzuk abiarazi eta heriotza ekarri ziona», gaineratu zuen Lindstrandek.

Zantzuek diotenez, «erasotzailea bakarrik zegoen atentatuaren unean. Baina eskarmentuak esaten digunez, lagun gehiago izaten dira halako egoeratan inplikatuta. Nolabaiteko kolaboratzaileen laguntza izan duen ustea daukagu».

Wahalek atentatua zehazki non egin nahi zuen ez dakitela aitortu zuen Lindstrandek, baina «beharbada» Stockholmeko garraio geltoki nagusia edota Aahlens merkataritza gunea helburu izango zituen, biak leherketak gertatu ziren lekutik hurbil daudelako.

Larunbatean, bi leherketa izan ziren Stockholmeko hirigunean. Ondorioz, lagun bat zendu eta beste bi zauritu ziren.

Aurreneko eztanda gertatu baino lehen, Suediako zerbitzu sekretuek eta TT berri agentziak, mezu elektroniko bana jaso zuten, kamikazearen telefono mugikorretik igorria, suediarrei zuzendutako mehatxu batekin: «zuen seme, alaba eta neba-arrebak gure neba-arreba eta seme-alabak hiltzen diren modu bertsuan hilko dira».

Ohar horretan, Afganistaneko gerran eta okupazioan parte hartu izana leporatzen zitzaion Stockholmeko Gobernuari. Herritarrei, aldiz, Lars Vilks marrazkigileak Mahoma txakur baten gisara irudikatu zuenean «isilik» egon izana egotzi zien testu horren bidez.

SITE web orrialdearen arabera, kamikazeak Irakeko Estatu Islamikoaren izenean egin zuen erasoa, Al-Kaedak Iraken duen adarra.

MEHATXUA

Saepo Suediako zerbitzu sekretuen esanetan, «ez dago arrazoirik» mehatxu «terrorista» dela-eta alerta maila handiagoa jartzeko. Duela bi hiletik, arrisku maila 3. graduan kokatua dago, bostera arteko eskala batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo