GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

ANALISIA

LAU ETA ERDIKO TXAPELKETA Kaiolak etorkizuneko oinarriak jarriz segitzen du

Mikel Idoatek eta Juan Martinez de Irujok jantzitako txapelekin amaitu dira 2010eko Lau eta Erdiko lehiaketa ofizialak. Nahikoa da zaleen artean galdera pare bat egitea historikoki pisu handirik izan ez duen jokamoldeak azken urteotan izandako arrakastaz ohartzeko. Adibidetzat jarriko genituzke Bigarren Mailan pilotari horren gazteen artean ikusi ditugun norgehiagoka bikainak, 42 urte betetzear dagoen Titin beteranoa oraindik ere onenekin lehiatzen ikustea, edota frontoietan ikusi diren sarrera ederrak.

p039_f01_666x666.jpg

Asier AIESTARAN

Martinez de Irujok eta Barriolak igandean jokatu zuten final handia amaituta, Lau eta Erdiko Txapelketa ofizialak agur esan du datorren urtera arte. Eta lehiaketa amaitutakoan balantzea egiteko garaia izaten da. Are gehiago, egungo esku pilota profesionalaren egitura kontuan izanda -buruz buruko Mastersa hasia da jada eta Binakako Txapelketa ere laster aurkeztuko dute Aspe eta Asegarce enpresek-.

Ez da erraza izaten finala oraindik horren gertu eta fresko dagoela lehiaketaren analisi hotz bat egitea, hura bere osotasunean hartuta, alegia. Baina lehenengo begiratu batean, esan liteke Lau eta Erdikoak azken urteetan utzi dituen sentsazio baikorrek bere horretan jarraitzen dutela, beti egin behar izaten diren ñabardurekin, noski.

Azkarra eta dinamikoa, etorkizuneko jokoa. Argi gelditu da azken urteotan kaiolako jokamoldeak tartea jan diola historikoki nagusi izan denari, frontoi osoan jokatzen den buruz burukoari. Distantzia motzean jokatzeak indarrak parekatu egiten ditu, kolpeak ez du horrenbesteko alderik sortzen jokoan, eta horri esker ikuskizunerako aukerak hazi egiten dira.

Horren adibidetzat jarriko genituzke Bigarren Mailan pilotari horren gazteen artean -debutariak asko- ikusi ditugun norgehiagoka bikainak, 42 urte betetzear dagoen Titin beteranoa oraindik ere onenekin lehiatzen ikusi ahal izatea, edota frontoietan gorabeherak gorabehera ikusi diren sarrera ederrak.

Materialarekin arazo handirik ez. Buruz Buruko Txapelketak derrigor hausnarketa sakon bat egin beharra dauka. Azken ekitaldian erabilitako sistemak huts egin zuen nabarmen -zortzi onenak bakarrik aukeratu zituzten eta lesioek erabat desitxuratu zuten lehiaketa, bai Lehen Mailakoa eta, batez ere, Bigarren Mailakoa-, eta materialak ere asko mugatzen du ikuskizuna -pilota horren biziekin etengabe airez jokatu beharra dago derrigorrean-.

Lau eta Erdikoan, berriz, ez dirudi materialaren inguruan eztabaidarik dagoenik. Sakez egindako tanto kopurua normaltzat har daiteke -sake bakarraren arauak lagundu du horretan- eta kexa bakarra finalerdietako ligaxkan iritsi zen. Abel Barriolak partida batetik bestera egoten ziren gehiegizko aldaketak salatu zituen. Zalantzarik gabe, aztertu beharreko gaietako bat izango da hori.

Hobetu beharrekoak, hasierako kanporaketak eta zenbait pilotariren jarrera. Txapelketa ofizialetan enpresen buruhauste handienetakoa aurreneko kanporaketetan jendearen interesa piztu eta ikuskizuna ziurtatzen saiatzea izaten da. Eta ez da batere erraza izaten. Espezialistak ez diren eta behetik datozen gazteak tartean egonda, normaltzat har daiteke partida eskasak ateratzea eta aurten ere izan da horrelakorik -Olazabalek eta Beroizek jasotako 22-3koak izan dira emaitzarik tristeenak-.

Baina horretan ere, txapelketa hau onik atera dela esan liteke. Barriola, Bengoetxea VI.a edota Patxi Ruiz bezalako pilotari «kontsakratuak» hasieratik lehian izateak presentzia eman dio lehiaketari komunikabideetan. Gainera, zaleen artean ilusio berezia piztu duten zenbait pilotarik ere -Mikel Urrutikoetxea eta Aritz Lasa, esaterako- lan txukuna egin dute aurreneko kanporaketa horietan.

Ekidin beharreko gertaeretako bat, ordea, zenbait pilotari eta botileroren jarrera da. Bigarren Mailako ligaxkan Cabrerizo II.ak eta Rico IV.ak Tolosan erakutsitako errespetu falta lotsagarria izan zen zale askoren ustez, eta erabat deitoragarria. Larunbateko finalean ere keinu zatar samarrak ikusi ziren. Ulergarria da kirolari gazteek momentuko beroaldian epaileari zerbait esatea, baina haiei laguntzen dabiltzan teknikariei dagokie, Joaquin Plazari esaterako, sutara egur gehiago bota beharrean beren pilotariei kargu hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo