GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Etxeberriren eta Harizmendiren garaipenekin, amaitu dira ezustekoak


Jon LEUNDA

Akabo, oraingoz amaitu dira Berezkoen Superprestigioko ezusteak, izan ere final-laurdenak irabazteko faboritoak Harizmendi eta Etxeberri ziren, eta ez zuten hutsik egin. Atzokoan, eta aurten lehen aldiz, apustuzaleek asmatu zuten, final-zortzirenetako lau partidetan ez baitzuten asmatu.

Lehen partidan Etxeberrik ez zuen arazorik izan Bonebeltx 40 eta 24 mendean hartzeko, 54 minutuko partidan. Etxeberri nagusi izan zen sakearekin, baita jokoan ere. Bonebeltxek sekulako ezustea eman zuen final-zortzirenetan Ozafrain menderatuta, baina atzokoan ez zen maila berean aritu.

Gakoetako bat sakean egon zen, Etxeberrik hamaika egin baitzituen, eta bi besterik ez Bonebeltxek. Jokoan egindako tantoetan ere alde nabarmena egon zen, Etxeberrik 25 egin baitzituen eta 16 Bonebeltxek. Galdutakoetan parean aritu ziren, sei Etxeberrik, lau Bonebeltxek. Markagailua, berriz, honela joan zen: 1-1, 11-1, 14-8, 22-9, 26-11, 35-14, 37-17 eta 40-24.

Bigarren partida Harizmendik irabazi zuen 40 eta 25 Jannotsen aurka, 58 minututan. Hemen gakoa Jannotsek galdutako pilotetan egon zen, jokoan Harizmendiren pare aritu baitzen. Hastapenean, aitzinetik ere izan zen, baina gero Landesekoak pilota erraz asko galdu zituen, eta partidak ihes egin zion. Saketik 11 tanto egin zituen Harizmendik, eta 5 Jannotsek. Jokoan 18 kintze egin zituen Donamartirikoak, eta 16 Landesekoak.

Nafarroa Beherekoak 4 pilota galdu zituen jokoan, eta 11 Jannotsek. Markagailua honela joan zen: 1-1, 2-2, 3-8, 4-12, 10-16, 17-17. 19-19, 23-23, 30-23, 39-25 eta 40-25. Finalerdiak datorren igandean jokatuko dira Donibane Garazin, Garat trinketean, 16.00etatik aurrera. Lehen norgehiagokan Etxeberrik Waltariren aurka neurtu beharko ditu indarrak, eta bigarren finalerdian, berriz, Harizmendi eta Lemuno lehiatuko dira nor baino nor.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo