GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Martin auziaz» Justizia ministroarekin mintzatuko dela esan du Alliot-Mariek

Ostiralean Donibane Lohizunen izan ziren istiluen ostean -polizia-karga bortitza barne-, Aurore Martinen aferaz Justizia ministroarekin mintzatzeko prest omen da bertan zen Michele Alliot-Marie Defentsa ministroa. Pariseko auzitegiak laster jakinaraziko du erabakia.

GARA |

Batasuneko militante den Aurore Martinen aurkako euroaginduaren inguruko erabakia laster gerta daiteke, eta eztabaida gori-gorian dago Ipar Euskal Herrian. Auzia larriagotu egin da, gainera, ostiralean Donibane Lohizunen Poliziak egin zuen oldartze bortitzaren ondoren. Tentsio giro handia izan zen bai herriko etxeko areto barruan -Michele Alliot-Marie bertan zela- bai kalean. Azkenik, Polizia kolpeka hasi zen. Pertsona bat atxilotu zuen, Maite Etxeberri, eta larunbatean aske utzi bazuten ere, urtarrilaren 6an agertu beharko du auzitegira. Beste emakume bat erietxera eraman behar izan zuten, buruan kolpe handia zuela.

Batasunaren ilegalizazioa helburutzat izan dezakeen Martinen aurkako euroagindu honetaz ez du iritzirik eman nahi izan Michele Alliot-Marie ministroak, baina hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, korridoreetan bere gobernukide den Justizia ministroarekin mintzatzeko prest azaldu da euskal politikaria.

Protestaz beteriko eguna izan zen ostirala, eta guztiak baketsuak izan ziren, Donibane Lohizunen Polizia oldartu arte be- hintzat. Gauean, euroaginduaren aurka agertu ez diren bi hautetsien etxe aurrera eraman zuten protesta: Lucien Delguen eta Daniel Populou. Lehenengoan, Espainiako ereserkia ere entzunarazi zuten bildutakoek.

Bitartean, Estatu espainolean ezker abertzalea legalizatzeari oztopoak jartzen segitzen du Gobernu espainolak, horretarako gero eta zailtasun handiagoak dituen arren. Horren adibide izan zen atzo Ramon Jauregui Presidentetza arloko ministroak ``Publico'' egunkariari emandako erantzuna.

Ezker abertzaleak Alderdien Legeko irizpideak bete behar dituela iragarri zuen Iruñean. Hori dela eta, zera galdetu zioten Jaureguiri: «Alderdien Legearen esanak goitik behera betetzen dituzten estatutuak aurkeztea ez da aski?». «Batasunarentzat, ez», erantzun du Jaureguik.

Bitartean, sektore honetatik Patxi Lopezek larunbatean egindako hitzak kritikatzen dira ezkerabertzalea.info web orrian. «Hilabete hauetako irakaspenek ez diete jadanik tarterik uzten topikoei -uste du ezker abertzaleak-. Demokraziaren bidea ibili nahi duenari bide bateratzailea erakusteko prestutasuna duen Lopezek bi ikasgai ditu burutu gabe: baldintza demokratikoak guztiontzat bermatzea eta Egigurenek 2005. urtean aldarrikatzen zuen formulari bide ematea, izan ere, guztion arteko akordio politiko bat bideratu eta errespetaraztea».

ATXILOTUA

Soka luzea ekarri du Donibane Lohizunen Poliziak egin zuen oldarraldiak. Pertsona bat atxilotua izan zen -urtarrilaren 6an deklaratu beharko du- eta beste bat erietxera eraman zuten, kolpe handia buruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo