Euskarak ez du aldeko hitzik behar, jarrera baizik
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak atzo Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egin zuen hitzaldian ez zuen espero ez zenik esan, nonbait. Baina espero izatekoa zen gutxienez esan zituen bizpahiru topikoak baino gehixeago. Basagoitik «milurteko kultur ondare» gisa definitu zuen euskara, baina euskaldun gehienek haren ahotan «museoan gordetzeko ondarea» entzungo dute. Izan ere, Basagoitik kultur ondare bide du gaztelania ere, baina hori baino lehenago espainiarren -eta Espainiaren mendeko guztien- komunikazio tresna nagusia, komunitate baten identitatea ezaugarritzen duena, hura ikastea eskubidea eta betebeharra ere badena... Beste horrenbeste izan litezke ingelesa edo frantsesa, baina euskara inoiz ez da horrelakorik izan Basagoitirentzat, ezta beraren alderdiarentzat ere, euskara ikasteko eskubidea bera inposiziotzat jotzen dute eta. Hitzaldian, «besteek» egin duten erabilera okerraz jardun zuen PPko presidenteak, batzuek euskal hizkuntzaz jabetu nahi izan dutela salatuz. Horrek justifikatuko luke, beharbada, haren alderdiak izan duen eta duen jarrera zekena, euskaratik aldentzea ez ezik, haren irakaskuntza eta sustapena oztopatzea ere izan baita jarrera horren ezaugarri nagusia. Hala ere, PPko zenbait militante «euskararekin hazi direla» gogorarazi zuen, PPko lau kidek euskaraz jakiteak jarrera hori gezurtatuko balu bezala.