GARA > Idatzia > Kultura

Ahotsak Gazte abesbatza eta May-bi elkarrekin arituko dira Victoria Eugeniako taula gainean

Abesbatzak «Oh Happy Day» ETB1eko saioa irabazi zuen eta May-bi bikotea «Bigira»ko finalera heldu zen. Uda entsegutan igaro ostean, larunbatean elkarrekin kontzertua eskainiko dute Donostiako oholtza dotorean.

O. LARRETXEA | DONOSTIA

Gazteak dira eta txundituta daude larunbatean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian -larunbatean, 20.00etan- eskainiko duten kontzertuaren aurrean. «Ohorea da guretzat», zioen Bea Asurmendi aramaioarrak. May-bi taldeko kideak. Bi taldeek, Ahotsak Gaztek eta May-bik, oholtza dotorea partekatuko dute baina lehenagotik ezagutzen dute elkar, hain zuzen ETB1eko musika lehiaketa banatan parte hartzeagatik. Geroztik, Ana Elorza ahots irakaslea arduratzen da guztien prestakuntzaz.

Lehenengoak «Oh Happy Day» saioko azken edizioko garaileak izan ziren, eta bikotea, «Bigira» programaren finalera heldu zen, baita ikusleen sari berezia eskuratu ere. «Espero dugu oraindik beraien berotasuna izatea. Larunbatean ikusiko dugu», zioen Miren Oteizak, May-bi-ko beste kideak.

Oihan Vegak ere parte hartuko du bertan, zehazki DJ moduan zenbait ukitu egingo baititu. Haren aburuz, bi taldeek «aisa» erakutsi dute euren kalitatea eta kontzertuan hura ikusteko aukera izango da. «Ez daude hemen telebistan agertu direlako. Telebista eskaparatea izan zen, eta bertara ere maila handia zutela erakutsi zutelako heldu ziren», nabarmendu zuen.

Topikotik urrun

Vegaren aburuz, Ahotsak Gazte bezalako abesbatzari esker, hauen inguruan izaten diren aurreiritzi asko bertan behera gelditu dira, «erakutsi baitute abesbatzak modernoak izan daitezkeela eta honek jende gaztea erakartzen lagundu dezake».

Miren eta Bearekin «antzeko zerbait» gertatzen dela gaineratu zuen. «Talde berria da, jende gazteari zuzendutakoa eta aldi berean musika ezberdinak jorratzeko gaitasuna dute, normalean estilo bakar bat lantzen denean».

Emanaldian abesti batzuk batera joko dituzte, eta beste batzuk, bestalde, talde bakoitzak bere aldetik. Abesbatzaren kasuan, Rodri zuzendari gazteak azaldu zuenez, lehiaketan eskainitako kantu batzuez gain, beste berri batzuk ere kantatuko dituzte. Bikoteari dagokionez, Durangoko Azokan kaleratu zuten diskoko abestiak joko dituzte.

Sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 euroan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo