GARA > Idatzia > Kirolak

euskal selekzioak ESAITen eta eragile sozial, sindikal eta politikoen prentsaurrekoa

Partida bat baino askoz gehiago, aldarrikapena, ofizialtasunaren alde

Hilaren 29a «ofizialtasunaren bidean ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera» dela esan zuten, eta Bilboko Areatzetik 18.30ean abiatuko den «manifestazio nazionalean» parte hartzeko deia egin zuten.

p032_f01_199x132.jpg

Arnaitz GORRITI

Ofizialtasunaren aldeko borrokak ez du etenik. Are gutxiago, bi urteko etenaren ostean, euskal futbol selekzioak partida jokatuko duela jakin denez geroztik. Horiek horrela, ESAITek partida eguna ofizialtasunaren aldarrikapen eguna bilakatu nahi du. Horrela ulertzen da atzo arratsaldean Bilbon eman zuen prentsaurrekoa. Bertan hainbat gizarte eragile, alderdi politiko eta sindikaturen babesa izan zuen: AB, Alternatiba, Aralar, EA, ezker abertzalea, EHNE, STEE-EILAS, HIRU, LAB, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, Elkartuz, EAE-ANV, Gazte Abertzaleak, Askapena, EHBE, Gazte Independentistak, Ikasle Abertzaleak eta Euskal Laborarien Biltzarra, besteak beste.

«Hilaren 29ko partida ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen egun bihurtu nahi dugu», adierazi zuten ESAITeko kide Itziar Arratibelek eta Pepe Turrillasek Bilbon atzo arratsaldean emandako prentsaurrekoan. «Urteak eta urteak daramatza herri honek bere selekzio nazionalen ofizialtasuna aldarrikatzen, eta horren lekuko da ESAIT. Abendua, besteak beste, Euskal Selekzioaren futbol partida dela-eta, ofizialtasuna ardatz hartuta, aldarrikapen horren ispilu bihurtzen da; gogoan izan dezakegu 2007an eta 2008an ESAITek Bilbon antolaturiko manifestazioa eta iaz Anoetan, Euskal Herriko kirolarien kolektiboaren ekimen ikusgarri hura», gogorarazi zuen hasteko.

ESAITen aburuz, «aipatu ekimen horiek egiteko erabili genituen arrazoi berberak egun ere jarraitzen dute: Espainiako eta Frantziako gobernuen aldetik, zein etxeko gobernu eta futbol federazioaren aldetik ukazio sistematikoan jarraitzen dutelako». Horrez gain, «euskal futbol jokalariek duela hiru aste hedabideetara bidalitako txostenean argi azaldu zuten, Euskal Herriko Futbol Federazioaren jarrera etsigarriaren gainetik, prest daudela zelaian zein behar den lekuetan herri honen koloreak defendatzeko, eta deia egin zuten partida eguna ofizialtasunaren aldarrikapen egun bihurtzeko. Era berean, ofizialtasuna lortzeko bidean urratsak emateko beste bide batzuk jorratu beharko direla, eta beraiek solik ez direla gai bideok lantzeko», gaineratu zuen Arratibelek.

Aro berri baten hasiera

Futbolarien idatziaren edukietan kokatuz bere burua, ESAITek nabarmendu zuenez, «abenduaren 29an futbol partida bat baino gehiago dago jokoan: ofizialtasunaren bidean ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera, hain zuzen». Zentzu horretan, partida eguneko manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin zuen. «Nazioa gara. Ofizialtasuna. Lortu behar dugu. Lortuko dugu» lelopean, Bilboko Areatzetik 18.30ean abiatuko da.

Horrez gain, jai itxurako egitarauaren berri eman zuten. Hala nola, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saioa, triki-poteoa, Amaiur musika taldearen emanaldia eta, partida ordurako, pantaila erraldoia. Lekua eta ordutegia zehazteke daude oraindik. Zalantza horiek argitze aldera, «Bilboko Udalarekin negoziatzen» ari da ESAIT.

Ostean, gizarte eragile sindikal eta politikoen izenean Bilgune Feministako Maider Fernandez eta LABeko Marijo Romero mintzatu ziren. ESAITen deialdiarekin bat egiteko, «euskal jendartean nagusi den ofizialtasunaren nahia eta beharra ikusita eta euskal futbol jokalarien eskaera kontuan hartuta», lau puntutan oinarrituriko komunikatu bat irakurri zuten.

«Euskal Herria Araba, Behe Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Zuberoak osatzen duten nazioa da. Hala den heinean, Euskal Herriko kirolariek beren koloreekin nazioarteko txapelketetan parte hartzeko eskubidea dute».

«Euskal jendartearen zati baten ordezkari garen heinean, eskubide horren ukazioa arbuiatzen dugu. Batetik, kirolariei gainerako nazioen moduan ofizialki lehiatzea ukatzen zaielako eta bestetik, euskal herritarrok nazioartean gure ordezkaritza izateko dugun eskubidea ukatzen dutelako».

Hirugarrenik, «Euskal Herriari ofizialki ordezkatuta izateko eskubidea ukatzen zaionean, beronen kanpo proiekzioa eta, finean, bere nazio izatea ukatzen ari zaio; euskal herritarron eskubide indibidual eta kolektiboen urraketa arbuiatzen dugu».

«Zentzu horretan, herritarrei dei egiten diegu abenduaren 29an Bilbon `Nazioa gara. Ofizialtasuna. Lortu behar dugu. Lortuko dugu' lelopean, ESAITek antolatutako ekimenetan, eta zehazki, manifestazio nazionalean parte hartzeko. Egun hori Euskal Herriko selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenerako eguna izan dadin.

egitaraua

Manifestazioaz gain, jai itxurako egitaraua antolatu du ESAITek hilaren 29rako. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saioa, triki-poteoa, Amaiur musika taldearen emanaldia eta, partida ordurako, pantaila erraldoia. Lekua zehazteke dago oraindik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo