ANDONI AKESOLO GAZTE ERREPRESALIATUA
«Hirugarrena noiz iritsiko bezala nabil, beldurrarekin, baina salatu beharra dago»
Dimako gazte honek urtebetean hiru aldiz salatu du epaitegietan, kalez jantzitako polizien eskutik mehatxu, kolpe eta jarraipenak jasan dituela. Azkena orain aste gutxi izan zen, lau kaputxadunek basora eraman, eskuburdinak jarri eta ordubetez kolpatu eta mehatxatu zutenean. Beldurra badu ere, argi azaltzen du Akesolok horrelako egoerak salatu behar direla, «euren jokoan ez sartzeko».
Gari MUJIKA |
Joan den astean salatu zuen publikoki, jendaurrean, zortzi kaputxadunek basora eraman, eskuburdinak jarri eta kolpeka eta mehatxuak eginez aritu zitzaizkiola. Dagoeneko hirugarren aldia da urtebetean antzeko pasartea sufritzen duela. Halere, Dimako gazteari bahitzale horiek ohartarazi ziotenez, hura ez omen da azkena izango, eta hori iristean txarragoa izango da.
Lau lagunek atxiki eta basora eraman zintuztela salatu duzu. Nola gertatu zen?
Baserri batean bizi naiz, Diman, mendian. Eta etxera iritsi nintzenean, txakurrengana joan nintzen, eta bat falta zela sumatu nuen. Orduan, bila hasi nintzenean, aurpegia estalia zuten lau pertsona azaldu zitzaizkidan, eta pinudi batera eraman ninduten, jada eskuburdinak jarrita. Han beste lau zeuden zain, enkaputxatuak. Belauniko jarri ninduten, eta galdera eta mehatxuak egiten hasi. Gaueko 21.30 inguru ziren eta ez zen deus ikusten. Ordubete eduki ninduten galderak eginez, mehatxatzen eta kolpeak ematen. Ordubete pasa zenean, eskuburdinak kendu eta eurak joan arte bertan egoteko agindu zidaten.
Ez da lehendabiziko aldia horrelako gertaera bat jasan behar izan duzuna, ezta?
Iaz izan zen lehena, urrian. Igorreko herrikoan nenbilen lanean, eta taberna ixtean, kanpoaldea garbitzen ari nintzela, bi pertsona etorri zitzaizkidan aurretik eta beste bi atzetik. Guardia zibilak zirela esan zidaten eta atxilotuta nengoela. Armak eta pistolak zeramatzaten.
Bertan, galderak eginez hasi zitzaizkidan, pertsona batzuei buruzkoak eta eurekin kolaboratzeko eskatu zidaten. Mehatxu gisa bala bat eman zidaten, eta hurrengoa niretzat izango zela esan. Hortik aurrera jarraipenak etengabeak izan ziren.
Bigarrena baserrian izan zen. Orduan lau pertsona azaldu zitzaizkidan, eta kolpeak jo eta mehatxuak egin zizkidaten. Oihuak etengabeak izan ziren. Gainera, hura bigarren aldia zela, eta hirugarrena, aldiz, ez zela horrelakoa izango, txarragoa izango zela ohartarazi zidaten.
Eta hirugarrena iritsi zen.
Bai, baina hor esan zidaten hori ez zela espero behar nuen hirugarrena, ohartarazpena zela. Hor ere atxilotua nengoela esaten zidaten, eta auto batera eramateko itxurak egin zituzten, baina beste tipo batek esan zuen oraingoan ezetz. Galdera politikoak ziren, baina ez jendeari buruzkoak. Galdera zehatzak ziren, nire bizitzaz, jarraipenak egiten zizkidatela erakutsiz.
Eta gertatutako ez salatzeko ere esan zizuten, ezta ?
Bai, baina beranduago. Hirugarren aldi hori gertatu eta astebetera-edo, Bilbon nengoela, lanetik etxerantz nindoala, bi pertsona gerturatu eta gertatutakoa publiko ez egiteko esan zidaten, nahiko froga zituztelako ni espetxeratzeko. Ondo ari zirela portatzen nirekin, eta ezer ez salatzeko esan zidaten.
Eta nola aurkitzen zara?
Orain apur bat lasaiago edo. Baina egia esan urduri, ez baitakit zer gertatuko den, `hirugarren' aldi horren esperoan bezala. Bakarrik egoteko beldurrarekin. Beti nago norbaitekin, etxera joateko edo taberna ixterakoan, eta hori laguntza handia da.
Nire aldetik eskerrak eman nahi dizkiet lagundu eta babesa eman didaten guztiei.
Babes hori garrantzitsua izango da noski, salaketa egitea bezala, ezta?
Bai, oso. Gainera, kasu horiez gain, Guardia Zibilak ugaritan identifikatu edo erretenitu izan nau. Behin Gernikan patroletatik jaitsi eta zuzenean niregana etorri ziren, bide guztia itxiz. Beste batean, Lemoan, autobus geltokian nengoela, eta hor galtzontziloetan utzi ninduten.
Halako gertaerak salatzea garrantzitsua dela uste dut, bestela euren jokoan sartzen baitzara eta gainera, edozer gertatuta ere salaketa hor dago. Durangon salaketa jarri nuenean, bertakoak ez zidan sinetsi, poliziek horrelakoak ez dituztela egiten esanez. Baina nik jendeari esango nioke horrelakoak salatzeko, ez gordetzeko barruan, ezin baita hori bakarrik eraman. Hasieran egunak kosta zitzaizkidan gertatutako kontatzea, baina beharrezkoa da jendeari esan eta laguntza, babesa bilatzea.