GARA > Idatzia > Kirolak

Triple Crown: Hawaiiko olatu onenak batzen dituen zirkuitu handia

Haleiwa, Sunset eta Pipelineko olatuetan lehiatzen da surfean ospe handiena duen ohorezko titulua, Koroa Hirukoitza alegia.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Aurtengoan, bai nesken bai mutilen kasuan, munduko WCT titulua jada erabakita dago, Stephany Gilmore eta Kelly Slater izan baitira 2010eko ASP txapeldunak. Triple Crown zirkuituko irabazlea, berriz, Joel Parquinson izan da.

Triple Crown

Hiru txapelketek osatzen duten zirkuitu txikia da Triple Crown entzutetsua. Oahu uharteko iparraldean aurkitzen da munduko olatu bortitzenetakoak dituen eremua. Kilometro oso gutxian surf egiteko leku bikain ugari biltzen dituen eremua North Shore izenarekin bataiatu zuten surflariek.

Haleiwa, Sunset eta Pipeline Banzai dira zirkuitu labur hau osatzeko aukeratutako lekuak. Lehen bi txapelketek QWS Prime kategoria dute, eta, azkena, Pipeline Banzai olatu famatuan egiten dena, WCT zirkuituko azkeneko proba da. Beraz, maila goreneko txapelketek osatzen dute zirkuitu txiki hau, eta, ondorioz, noski, garrantzia handia du. Hiru probetan emaitza onenak lortzen dituen surflariak jasotzen du surflarien artean estimu handikoa den Tiple Crown koroa.

Nesken kategorian ere egiten da Triple Crown zirkuitua. Aldiz, azken proba, Pipelinen egin beharrean, Mauiko irlan egin ohi dute, Honoluluko badian hain zuzen ere. Aurtengoan, ordea, azken proba ezabatu egin dute, eta, ondorioz, lau neskek osatutako txanda bat egin zuten Pipelinen lehen aldiz. Txanda sinboliko hori zirkuituko beste bi probetako irabazleek eta irlako bertako bi surflarik osatu zuten.

Beste bi txapelketei dagokienean, Haleiwako txapelketa, Stephanie Gilmorek irabazi zuen eta Sunsetekoa Tyler Wright australiarrak. Tylerrek 16 urte besterik ez ditu eta txapelketan parte hartu ahal izateko eman dioten wildcard gonbidapenagatik ez balitz, ez luke lehiatzeko aukerarik izango. Beraz, sekulako emaitza da berea.

Joel Parkinson

Aurtengo lehen proban txapelketatik at geratu zen Parko, orkatilan min hartu ostean. Hain zuzen ere, Haleiwakoa izan da ordutik jokatu duen lehen txapelketa. Indartsu itzuli dela erakutsi du. Triple Crown zirkuituko lehen proba, Haleiwakoa, berak irabazi zuen, eta, bigarrenean, Sunseten, final-laurdenetan izan zen. Pipelinen ez da final-laurdenetara iritsi, baina koroa lortzeko behar beste puntu lortu ditu. Hala, orain artean hiru koroa irabazi dituen bigarren surflaria bihurtu da. Sunny Garciak sei bider irabazi du Triple Crown koroa, nahiz eta, Parkok bezala, oraindik ez duen lortu Pipelinen txapelketarik irabazterik.

Sunsetekoa, Raoni Monteiro brasildarrak irabazi zuen. 1991. urtean Fabio Goubeia Triple Crowneko txapelketa bat irabazi zuen lehen brasildarra bihurtu zenetik, Brasilgo surflariak garaipenik eskuratu gabe zeuden. Beraz, zalantzarik gabe, lorpen esanguratsua izan da.

Pipelineko txapelketa ospe handiena duen lehiaketa da, bai bere historiagatik bai WCTko azkenengo proba izateagatik. Olatu zaila da; izan ere, ur gutxiko lekuan koral gainean lehertzen den olatu arriskutsua da.

Gonbidapen wildcardak Hawaiiko uharte desberdinetako surflariek jaso dituzte; hau da, olatua oso ongi ezagutzen duten surflariek. Horien artean Bruce Irons izan da, txapelketa lau bider irabazi zuen eta orain gutxi hil zen Andy Ironsen anaia. 2001ean Brucek irabazi zuen Pipelineko koroa, bizkarkako tubo ikaragarriak eginaz; horregatik faboritoetako bat bazen ere, olatuak ez dira oso handiak izan eta Brucek ez du aukerarik izan.

Aurtengo Pipeline koroa Jeremy Flores Reunion uharteko surflariak irabazi du. Olatuak ez dira oso handiak izan txapelketan zehar eta Backdoorreko eskuina izan da nagusi. Hala ere, eguraldia eta haizea lagun, tubo politak ikusi ahal izan dira txapelketan zehar.

Pipeline

Gaur egun, olatu bera bi noranzkoetan hartzen da eta noranzkoaren arabera izen bat edo bestea ezartzen zaio. Eskuin aldera hartuz gero, Backdoor da, eta, ezker aldera joanez gero, berriz, Pipeline Banzai. Hastapenetan ezker aldera bakarrik jotzen zuten surflariek, errazagoa baita itzulerarako sarrera alde horretatik burutzea.

1963an Phil Edwards kaliforniarrak hartu omen zuen lehen olatua Pipelinen. Taula handi eta astunak erabili ohi zituzten garaiak ziren, eta, horregatik, hasiera batean inguruneak ez zuen arrakasta handirik izan. Surflariek menderatzeko olatu zaila eta arriskutsua ikusten zuten; beldur zioten. 1968an, ordea, taulen forma guztiz aldatu zen; txikiagoak eta arinagoak bilakatu ziren, eta, bidez batez, surf egiteko modua guztiz aldatu zen. Taula txikiak baina ez dira egokiak olatu handietarako.

70eko hamarkadaren hasierarako, olatu handietarako taula berriak nahiko hedatuta zeuden. Dick Brewer kaliforniarrak Hawaiiko olatuetan surf egiteko taula mota berezi bat egin zuen, pocket rocket edo patrikako suziria izenekoa. Taula horiek malko baten forma bera zuten, baina, hori bai, alderantziz; zabalak ziren goi aldean eta pixkanaka estutzen ziren punta zorrotzean amaituz. Dick Brewer ingeniari aeronautikoa zen eta mota askotako taulak egin zituen. Goi mailako surflariei , adibidez, mini gun izeneko taulak egin zizkien. Oso ezaguna egin zen bere izaera berritzaile eta mundu ikuskera bereziagatik. Drogen laguntzarekin lor daitekeen adimen hedapena eta Zen kontzientziaren zabalkundea defendatu zituen. Arrakasta izan zuen surfa ulertzeko modu bat izan zen berea. Bere dizipuluetako bat izan zen Pipelineko tubo perfektua ezagutzera eman zuen surflaria.

Gerry Lopez

Honolulun jaio eta Waikikin hazi zen. Jatorri kubatarra, japoniarra eta alemaniarra ditu Gerry Lopezek. 60ko hamarkadaren amaieran Dick Brewerren mundu ikuskerarekin bat bazetorren ere, Gerryk bere bidea egin zuen. Sasoi onean mantentzen zen eta autodiziplina lantzen zuen, iparra galdu gabe. Gaur egun oraindik ere hasitako bide berean jarraitzen du; egunero bi yoga saio egiten ditu eta surf egiten jarraitzen du.

1968an hasi zen ezagun egiten Gerry. 1970eko eta 1972ko munduko txapelketetan, emaitza onak bildu zituen Hawaiiko taldearekin parte hartu zuen. Gerora film askotan agertu izan da («Big Wednesday», «Conan barbaroa», eta abar), eta bere izena eremu desberdinetan azaldu bada ere, benetan ezagun egin zuena Pipelinen surf egiteko bere modua izan zen.

Munduko olaturik arriskutsuenetakoan maisutasun handiz eta elegantziaz ezinezkoak ziruditen tuboak egiteko gai zela erakutsi zuen Gerryk. Ez zegoen garai hartan bera bezala olatu hura menderatzeko gai zenik. Bere itxura hippya, olatuei aurre egiteko modua eta estiloa, oso erakargarriak ziren.

Lightning bolt izeneko taulak egiten hasi zen bere kabuz eta harrera oso ona izan zuten. Taularen gainaldea alderik alde zeharkatzen zuten tximistek ezin hobeto egiten zuten bat garaiko psikodelia estetikarekin. Pipelineko olatuetan ateratako argazkietan ezinbesteko ikur ziruditen tximista haiek.

Aurtengoan sari berezia jaso du Jeremy Flores Pipelineko txapelketaren irabazleak. Izan ere, Gerry Lopezek berak egindako taula bat oparitu dio.

TRIPLE CROWN

Haleiwa, Sunset eta Pipelinek osatzen dute zirkuitua. Lehen bi txapelketek QWS Prime kategoria daukate, eta, azkena, Pipeline Banzai olatu famatuan egiten dena, WCT zirkuituko azken proba da.

KOROA

Sunny Garciak sei bider irabazi du Triple Crown koroa, nahiz eta, Parkok bezala, oraindik ez duen lortu Pipelineko olatuan txapelketarik irabazterik.

Mister pipeline

Munduko olaturik arriskutsuenetakoan maisutasun handiz eta elegantziaz ezinezkoak ziruditen tuboak egiteko gai zela erakutsi zuen Gerryk. Ez zegoen hura gaindituko zuenik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo