GARA > Idatzia > Euskal Herria

Etxerat elkartearen Olentzero «zentsuratu» egin du Irungo Udalak

GARA |

Amnistiaren aldeko mugimenduak jakitera eman zuenez, presoei elkartasuna adierazten dien Olentzero erakusketa batetik kendu egin du Irungo Udalak. Hala ere, etzi Olentzero kantuz kantu kalean zehar ibiliko dela zehaztu zuten. Bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Abenduaren 16 eta 26 artean Amaia kultur etxean Olentzero irudien erakusketa antolatu du Irungo Udalak. Horiek horrela, euskal preso eta iheslarien senideek hauekiko elkartasunez Olentzero bat egin eta erakusketara eraman zuten hilaren 15ean.

Alta, amnistiaren aldeko mugimenduak oharrean adierazi zutenez, hilaren 16an Olentzero hori bertatik eramateko eskaera egin zien Irungo Udalak, «ezin zela bertan egon adieraziz».

Udalak zentsuratu egin badu ere, beren Olentzero hilaren 24an Irungo kaleetan ibiliko dela nabarmendu dute. Arratsaldeko bostetan abiatuko dira Moscu plazatik.

Iruñeko kalejirak

Bestalde, Iruñeko auzoetatik Olentzeroren kalejirak egin ahal izateko baimenak atzo jaso zituzten. Gora Iruñea! plataformak jakinarazi duenez, gainera, aurretik, Iruñeko Udalak baimen eskaerak Gobernu espainolaren Ordezkaritzara bidali ditu, «aurreko urteetan presoen aldeko pankartak atera zirela- eta». Plataforma honek gaur egingo du agerraldia zehaztasun gehiago emateko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo