Norberaren umorea sustatuz
Urteko azken artikuluan, urtean zehar jazotakoak laburbiltzeko joera: krisiak herritarroi eragiten ari zaizkigunak; indarkeria matxistaren etorkizuna eteteko premia; abortuaren inguruko lorpena...
Bestelako erabakia hartu dut, ordea, atzera ez eta ikusmira aurrera begira jartzea. Urte berria heltzear, alaitasun eta umore onaren alde egiteko gogoa piztu zait. Geure buruaz eta besteenaz zein egoera eta gertakizunez osasuntsu barre egitearen garrantzia goraipatzekoa. Izan ere, azken artikulu honetarako positibismo basatiak heldu nau, eta zuoi horren zati txiki bat transmitituko banizue, neu pozik.
Horrenbestez, berriki ezagutu dudan kontu baten inguruko hausnarketatxoa. Zerk eragiten dizu barrea? Gizona ala emakumea zara? Zeren, antza denez, ez baitigute txantxa eta egoera berberek sorrarazten algara. Kontu bitxia, hauxe. Ikerketa medikuek diote, garuneko aldeetan oinarrituta, gizonak arinagoak direla, hau da, azaleko absurduak gorputza okertzera eramaten dituela, barrearen barreaz. Emakumeoi, ordea, gehiago kostatzen omen zaigu fisikoki adieraztea, joera handiagoa ei dugu irri xumea baino ez agertzeko, eta absurdu hutsa nekez preziatzeaz gain, beharrezkoa zaigu planteaturiko egoera dibertigarria eta xehetasunez betea izatea. Horrela ikusita, gizonek baino barre gutxiago egiten dugula pentsa liteke, alegia, gehiago kostatzen zaigula umoretsu ibiltzea, erlaxatuta. Jakina baita kalitatezko umorea ez dela nonahi topatzen.
Finean, esan nahi da gizonak sinpleagoak direla, eta emakumeak, berriz, ñabardura zaleagoak, landutakoaren miresleak, hots, konplexuagoak izanik -zalantzak ditut nik puntu honetan- konplexutasunean aurkitzen dugula umorearen gozamena ere. Natura huts kontua ala izandako heziketak bultzaturiko zerbait ote, topikoa ala errealitatea? Honen inguruan bi sexuetako pare bat umoristaren iritzi bera: barregura gauza berak eragin ahal badigu ere, emakumeok lotsatiagoak edo neurritsuagoak izateko joera dugu, ez garela hain «errazak» erakutsi nahiko bagenu bezala; gizona zaratatsuagoa izan ohi da, besterik ez. Gainera, beren buruaz barre egiteko ahalmen handiagoa dute, emakumeok ez bezala.
Ondorioz, badirudi kontua ez dela barre-eragilea soilik, baizik eta baita gure barnean duguna adierazteko modua ere. Eta hor nabaria da «manera onak» deritzenak gordetzeko orduan, heziketa ezberdina jaso izan dugula betidanik neskek eta mutilek. Agian ez gara kontziente emakumeok, luzaroan «debekatu» egin zaigula gorputza askatzea eta, beste zenbait esparrutan bezala, inguruko espazio fisikoan ere nabarmentzea. Bestalde, gure buruaz barre egiteko ezintasunari dagokionez, ez nator bat. Hitza eta aukera emanda, gizon batek erakuts lezakeen autokritika eta seriotasunik eza bera erabil baitezakegu barre egiteko, erabat aske jokatu besterik ez dugu.
Hortaz, zure barrearen eta aldarte onaren pizgarria edozein dela ere, zarela gizona, zarela emakumea, ahal duzun heinean eta bizitza latz hau alaitzeko asmoz, algaraz jositako 2010 bukaera opa dizut.