GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Nazioarteko subiranotasun monetarioaz hitz bi

Dolarraren hegemoniaren arazoa eta nazioarteko moneta-sistema aztergai ditu egileak, bankuen demasiazko «erreserba piloa» kontuan hartuz. Kopuru masibo horrekin «nazioarteko espekulatzaileek ez jolastearren» egin diren proposamenak aztertzen ditu: urre estandarra, «Bancor» delakoa -nazioarteko moneta izan zitekeena-, edo mundua moneta-bloketan banatzea. «Etorkizun hurbilean dolarra erabiliko den arren», galdetzen du prest ote dauden moneta-blokeak (euroak, yenak, yuanak...) hori hala ez izateko behar diren aldaketak egiteko. Keynesen bidetik, «dirua kapital eraketarako, gastu publikorako eta oinarrizko azpiegiturarako erabiltzea» proposatzen du.

Kontua aspaldikoa da: dolarraren hegemonia da arazoa eta nazioarteko moneta-sistema da aztergai. Randall Wray-ek dioenez, quantitative easing delakoak (erraztasun kuantitatiboak) ez du AEBetako ontzia hondoratzetik salbatuko. Are gehiago, oraintxe indarrean dagoen QE-2k ez du lehengo QE-1ek baino onik gehiago ekarriko, zeren nonahiko bankuek jadanik baitaukate erreserba pilo bat demasian, eta ekonomia ondasun eta zerbitzuak ekoizteko jarri behar baita, ez jadanik existitzen diren aktiboak puzteko, gero zama hori herrialde horietan jarriz.

Horren aurrean, eta nazioarteko espekulatzaileek dolar kopuru masibo horrekin ez jolasteko, BRIC-eko herrialdeak (Brasil, Errusia, India, Txina) eta beste herrialde batzuk nazioarteko moneta-sistema berri bat proposatzen hasiak dira. Kasu, Txina Keynesek proposaturiko «bancor»-en aldekoa da, hots, nazioarteko moneta izan zitekeena eta inolako loturarik ez duena herrialde konkretu batekin, herrialdeen arteko kontabilitate kontuak zuritzeko. Bien bitartean, Txina alde biko akordioen alde agertu da, merkataritzan ari diren kideen monetak erabiliz, dolarraren bidez gauzatu barik.

Beste batzuk hiru edo lau blokeren sormenaz ari dira, bakoitzak moneta sendo bat erabiliz (dolarra, euroa, yena eta agian yuana).

Beste batzuek, aldiz, urre estandarrera itzuli nahi dute.

Azter ditzagun nazioarteko moneta-sistema berrirako proposamen horiek.

Urre estandarra: batzuen iritziz, merkatuak urrea erabiltzeko mugitzen hasiak dira, urrea «aktibo monetario»aren aukerabidea delako. Baina urrea ez da inongo aktibo monetarioa, salgai bat da, besterik ez.

Gaur egunean urrea boom espekulatzailean murgilduta dago (beste zenbait salgai dauden moduan). Hori ez da harritzekoa, 2004tik 2008ra antzeko egoeran egon ginen.

Are gehiago, urre estandarraren denboran, urrea ez zen dirua inoiz izan. Izan ere, gobernuak urrearen prezioa lotuta zeukan barneko monetari.

Lotura hori arrakastatsua izateak esan nahi du gobernuak nahikoa urre metatu duela lotura horri eusteko. Beste aldetik, esan nahi du gobernuak baduela nahikoa urre monetaren kontrako eraso espekulatiboak baztertzeko. Hor bukatzen zen, eta da, urrearen miraria. Dirua beste kontu bat da.

Bancorra: Keynesen proposamena. Kontua da bancorrak banku jaulkitzailea behar duela. Halaber, bancorrak behar ditu nazioarteko akordioak bera jaulkia izango deneko baldintzetan. Akordioak errespetatzen ez dituzten herrialdeak zigortu behar dira. (Badirudi euroaren gaur egungo egoeraren antzera egongo dela bancorra. Egoera parekatuz, zeinek nahi du izan hurrengo «Grezia»?)

Mundua bloketan banatzea: badirudi gaur egunean hurbil gaudela proposamen horretatik. Arazoa hauxe da: bloke baten barruan bloke-moneta dagoela, baina moneta-blokeen artean moneta bat aukeratu behar dela. Zein?

Badirudi etorkizun hurbilean dolarra izango dela.

Wray-ren ustez, aukerarik hoberena hauxe dateke: AEBetan susperraldi ekonomikoa lortzea, zeren orain gainerakoek ere dolarrak erabiltzen dituzte.

Baina AEBetako egoera ekonomikoa aldatzen ez den bitartean, Michael Hudsonek aspaldian (1972ko «Super Imperialism» liburuan) salatu zuen egoeran egongo ginateke, baldin eta dolarra moneta-bloke desberdinen arteko transakzioetarako aukeratzen bada.

Hortaz? Hudsonek dioenez, moneta-blokeen artean dolarra ez bestelako moneta erabili behar da transakzioetarako. Horretarako, euroak, yenak eta yuanak... dolarrak daukan estatus bera lortu behar dute. Prest ote daude bloke horiek (eta etor daitezkeenak) behar diren aldaketak gauzatzeko? Horra hor funtsezko galdera.

Europar Batasunari, euroguneko blokeari dagokionez, hona hemen Hudsonen zenbait irizpide interesgarri:

Finantza-sektoreak nonahi (eta Europan ere bai) lan-indarretik eta industriatik desbideratu nahi du dirua bankuei ordaintzearren.

Atzerriko bankuek Grezia, Irlanda (baita Portugal eta Espainia ere) Letonia bezalakoak bihur daitezen nahi dute: austeritatea, zergak lan-indarraren eta industriaren gainean, langabezia barreiatuz. Letonia da, hain zuzen ere, zer ez den egin behar ikusteko etsenplurik garbiena.

Kontua ez dagokio trebetasun bereziari, zeren finantza-trebetasunak esan nahi baitu ea zenbat mozkin eta zenbat errenta zergagarri bereganatu ditzakeen finantza-sektoreak.

Benetako adituek Keynesek 1920an Alemaniarako proposatu zuena proposatu beharko lukete: alegia, zor txarrak ezabatu behar dira, ez ordaindu, eta dirua kapital eraketarako, gastu publikorako (heziketan, osasungintzan eta abarretan) eta oinarrizko azpiegiturarako erabili. Gobernu zentzudun batek finantza-sektorea hazkunde ekonomikoaren, kapital eraketaren eta bizitza estandarren menpe jarri beharko luke.

Arazo ekonomikoa ez du subiranotasun krisiak ekarri, baizik eta banku-mailegu txarrek, iruzurrezko finantza-praktikak eta bankuen liberalizazio neoliberalak.

Orain, bankuek nahi dute erabat fikziozko diren eskaera finantzarioetatik datozen galerak alboratzea, zeren zorpeko ekonomiek ordaindu dezaketen ahalmena baino askoz harago baitoaz galerak.

Hortaz, «krisia» konpon daiteke bankuen zor eskaerak benetako «zabor» ebaluazioetara jaitsiz.

Subiranotasun krisia, beraz, subiranotasunaren beraren krisia da: zein izan daiteke ekonomiaren, zerga politikaren eta gastu publikoaren arduraduna? Interes publikoaren alde arituko diren politikariak ala finantza-oligarkia?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo