GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Zalantzak eta epeltasuna

EAJk beste interes batzuk defenditzen ditu. Hemen hautagai izanen direnek Bilboko EAJko arduradunen oniritzia jaso behar dute

Kantonamendu hauteskundeen garaia hurbiltzen ari dela eta, prentsa irakurtzerakoan informazio batzuk biltzen ditugu.

Ez da erraza izaten Hegoaldeko gaurkotasuneko gaiei buruz idaztea, ipar euskal herritarrok parametro guztiak ez baititugu, baina hango informazioa jasotzea beharrezkoa zaigu, hemen hango erabaki politikoek eragina izaten baitute.

«El Pais» egunkari digitalean artikulu nahiko interesgarria bazegoen, non kontatzen ziguten PSOE, PP eta EAJ ados zeudela zenbait puntutan, azken asteetan aipatzen zen erakunde armatuaren desagertzeari buruz. Agertzen zen EAJ alderdien mahaiaren aurka dagoela eta kanpoko bitartekarien parte-hartzearen aurka direla negoziaketa batzuei buruz. Baliteke gezurra izatea, baina baliteke praktikan EAJk bultzatzen dituen ideiak izatea. Haatik, Ipar Euskal Herrian hauteskunde hauen bezperan, EAJk erraten duena ez baita lerro horretatik joaten. Izan ere, EAJk egin dituen adierazpenetan, aitzineko negoziaketa prozesuetan gertatu dena ikusita, beha gelditzen direla diote. Baina, prentsa irakurrita, ematen du lagun onak dituela, abertzaleak ez diren alderdi lagunak, hurbilagoak politika egiteko unean. Hau da, ez direla beha gelditzen, baizik oso aktibo ari direla, eta ez bake bideen jorratzeko.

Aurore Martinen kasuan, webgunean abenduaren 21ean haren babes judizialaren aldeko jarrera azaldu dute. Baina babes judizialik ez dauka, galdua du, Justiziako instituzioek Espainiaratzea erabaki baitute! Zer erran nahi du EAJk babes judiziala eskatuz? Aurore Martinek babes politikoa behar du eta EAJk arrasta ematen du!

EAJk dio Euskal Herri errealaren alde lan egiten duela, baina AHTren alde agertzen da jendetasunez egindako AHTren alde. Ez al da ohartu bertako jendea, erreala, erabat aurka dagoela?

Dudarik gabe, aitzineko hauteskundeen emaitzak oso onak izan ziren EAJrentzat, baina EAJk emaitzak aztertzen dituen bezala, beste alderdiak ere lanean ari dira. Kasu horretan UMPko hautetsiek ikusi dute eskuineko alderdi euskaltzale batek eremua hartzen zuela eta garatzeko aukera zuela. Ondorioz, ez dute zalantzarik izan urrats batzuen egiteko. Hasteko, AHTri buruz nahiko askatasun utzi diete alderdiko hautetsi eta auzapezei beren hautuen egiteko eta debatean parte hartzeko, erabaki guztiak hartuak ez diren bitartean. Bestalde, euskararen kasuan, UMPk, eskuineko beste kide batzuen laguntzaz, Seaskak Kontseilu Nagusitik sekula lortu ez duen dirutza bat bideratu du. Kasu horretan UMPren urratsa potentea da eta EAJ bezain euskaltzale agertzen da herritarren aurrean. Aurore Martinen kasuan Brisson jaunak urrats ausarta eman du Kontseilu Nagusian Auroreren kanporaketa salatuz, biltzarrean hitza hartu zuelarik gaiaren aipatzeko. Erran nahi baita kasu horretan EAJ askoz epelago gelditzen dela UMPk bere eremuaren babesteko duen determinazioaren aurrean. EAJk euskal herritarren babesteko zalantzak al ditu? Nola babestuko luke euskal estatua?

EAJk beste interes batzuk defenditzen ditu. Hemen hautagai izanen direnek Bilboko EAJko arduradunen oniritzia jaso behar dute. Han prentsak azaltzen duena egia bada, beste interes mota batzuek manatzen dute alderdian, hemengo Euskal Herri errealarekin bat egiten ez dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo