Itsasoa
Ozeanoa Bero gordailu erraldoia
Ozeanoak ur hotzaren irudia ekar lezake gogora, baina egiaz kontinenteetako klimak egokitzen dituen bero gordailu erraldoi bat da.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Eguraldi goibel eta hotza izaten den egunetan hozkirria ematen du surflariak uretan ikusteak, baina askotan kanpoan baino epelago egoten da uretan.
Gurean, udan, 19 graduko tenperatura izaten dugu batez beste, eta neguan berriz, 11 gradura irits daiteke uraren tenperatura.
Planeta urdiña
Lurraren azaleraren hiru laurdenak urak estaltzen ditu. Horregatik esaten diote «Planeta urdina». Munduko ur guztia batuko bagenu, ordea, ikusiko genuke ez dela hainbeste ur. Hala ere, eguzki sistema osatzen duten gainerako planeta guztietatik bereizten duen osagaia da bera.
Ozeanoek ia lau mila milioi urte daramate kostaldeak zizelkatzen eta klima baldintzatzen. Kostaldea kolpatzen duten olatu handiak ozeanoak energia garraiatzeko duen gaitasunaren eta indarraren erakusle argia baino ez dira.
Itsas haizeak uhinak sortzen ditu. Hauek haizearen energia hartzen dute eta pixkanaka handituz doaz, kostaldera iritsi, olatu bilakatu eta lehertu arte.
Baina ez da ura desplazatzen, energia baizik. Surflariak olatuen zain daudenean oso argi ikusten da hori. Olatuak ez du surflaria berarekin eramaten, inguruan duen urak sostengatzen baitu, eta horrela, olatua pasatzean, gora eta behera egiten du soilik.
Ozeanoak uhinaren aurrean duen urari iragaten dio energia. Lurrak oztopatuko ez balu, energia mugimendu honek ez luke etenik izango, eta horrela jarraituko luke infiniturantz.
Kostaldean, uhinak sakonera txikiko hondoa aurkitzen duenean, olatu bilakatzen da eta ozeanoan haizeak sortutako energia indartsua askatzen da apar bihurtuaz.
Ozeanoak
Itsasoko urak biltzen duen beroaren zatirik handiena eguzkitik datorren energia erradiaziotik jasotzen du. Ur gramo batek beroa handitzeko izan dezakeen ahalmenari uraren «bero espezifikoa» esaten zaio. Itsasoaren bero espezifikoa oso handia da, planetaren gainazaleko gainerako substantzienarekin alderatzen badugu. Horrek ahalmen handia ematen dio itsasoari, klima leundu dezakeen bero gordailu handi baten moduan eragin baitezake.
Ozeanoetan tenperaturak egonkorragoak dira kontinenteetan baino. Itsasoak beroa gordetzeko duen gaitasuna da horren arrazoia. Horregatik ez dira hain nabarmenak urte sasoien aldaketak itsasoan.
Itsasoaren izaera egonkorra izan arren, ozeanoko eremu batzuetan uraren tenperaturak aldaketak jasan izan ditu. Atlantikoaren iparraldean adibidez, uraren tenperaturak gora egin du azken mendean.
Eguzki erradiazioez gain, beroa jasotzeko beste iturri batzuk ere baditu ozeanoak. Esate baterako, zeruan isla egiten duten eguzki izpiak, lurrak barnebiltzen duen berotasuna eta desintegrazio erradiaktiboak, ozeanoen beroketan eragiten dute. Baita ozeanoaren barnealdean gertatzen diren prozesu kimiko, nahiz biologikoetatik eratorritako beroak ere.
Termoklima
Itsasoaren azalera iristen diren eguzki erradiazioak bere masan barneratzen dira, ura zeharkatuz, ehun metro inguruko distantzian zehar. Uraren izaeraren arabera, alegia, urak duen materia solidoaren arabera, erradiazio izpiak mila metroraino ere barneratu daitezke.
Sakontasuna handituz doan neurrian, erradiazio izpiek indarra galtzen dute eta tenperatura gutxituz doa. Itsasoaren gainazala, erlatiboki bada ere, ur beroz osatutako geruza bat dela esan daiteke. Orokorrean, tenperatura berdintsuarekin dago osatuta.
Gaineko geruza horrek, urazaletik hasita, hogeitik berrehun metrora bitarteko sakonera izan dezake, inguruko baldintzen ara- bera. Geruza horren azpian, ordea, tenperaturek beherakada handia egiten dute metro gutxiko tartean. Gainazaleko ura eta azpikoa bereizten diren eremu horri «termoklima» esaten zaio.
Gainazaleko ura ez da oso trinkoa eta ez du gatz asko. Azpialdeko urak, ordea, dentsitate handiagoa du; gatz gehiago dute eta hotzagoak dira. Horixe da hain zuzen ere, neguan olatuek indar gehiago izatearen arrazoietako bat, ur hotzak duen dentsitatea.
Itsasoko uretan baino gardenago bereizten da termoklima ur geza den lekuetan. Ur tropikaletan termoklimak 100 eta 200 metro arteko sakonera izan dezake, eta urtean zehar izan daitezkeen aldaketak ez dira oso nabarmenak izaten. Erdiguneko latitudeetako ur epeletan sakonera apur bat handiagoa du termoklimak, eta soilik udan eta udaberrian gertatzen den fenomenoa izaten da. Poloetako itsasoetan berriz, ez dago termoklimarik, sakonera edozein dela ere, uraren tenperatura hotza baita.
Itsasoa vs atmosfera
Planeta osoko klima desberdinetan eragina duen termoerregulatzaile handi bat da ozeanoa. Itsasoak eta atmosferak beroa trukatzen dute batetik bestera, eta elkar truke horretan hainbat prozesuk dute eragina.
Eragina duten faktoreetako bat urazalean sortzen diren korronteak dira. Zenbat eta azkarragoak izan korronteak, orduan eta errazago askatzen da beroa. Beste faktore batzuk ere badira, baina atmosferaren eta itsasoaren arteko aldaketa termikoetan eragiten duen aldagai nagusia lurrunketa da. Ozeanotik atmosferara igarotzen den beroaren %55 lurrunketatik dator. Eguzkiak urazala berotzen duen heinean, lurrunketa handitu egiten da.
Eremu epeletan eta polarretan, neguan, udan baino bero gehiago igortzen da atmosferara eta lurrunketa ere ugariagoa izaten da, sasoi honetan itsasoko ura atmosferako tenperatura baino beroago baitago.
Uraren tenperatura zenbat eta gorago egon, orduan eta dentsitate txikiagoa izango du, horregatik aurkitzen dira ur beroenak urazalean.
Haizea
Surf egiterako orduan hotz gehien eragin dezakeen aldagaia haizea da. Izan ere, ura hotz dagoen egunetan ere, berau eramangarriagoa izaten da kanpoan haizerik ez bada edo tenperaturak goxoak badira.
Gure kostaldean ekialdeko haizea da haizerik hotzena. Arrantzale askok «iparrekoa» deitzen diote. Ekialdeko haizea izaten den egunetan itsasoko ura lurruntzen ikus daiteke, egun hauetan eguraldi ona izaten baita maiz, eta urazalean den tenperatura kanpokoa baino altuagoa denez, lurrunketa prozesua erraz begiztatzen da. Haizeak iparretik jotzen duenean ere hotz izaten da itsasoan. Gainera ipar haizeak indar handiz jo dezake, hotz sentsazioa handituz.
Hego haizea da gurean izaten den haizerik goxoena, nahiz eta mendiak elurtuak diren egunetan haize freskoa izaten den, Afrikatik abiatutako haize beroa mendi elurtuak zeharkatzerakoan hoztu egiten baita.
Neguan bi graduren gora-behera erraz nabaritzen du uretan dagoen surflariak. Esate baterako, oso nabarmena da errekak itsasoratzen diren eremuetan urak duen tenperatura hotza. Mundakan bezala, mendietan urtu den izotza errekan behera itsasoratzen den lekuetan, hondartza arruntetan baino hotzago egoten da ura.
Itsasoaren gertutasunak kostaldeko tenperaturak barnealdekoak baino epelagoak izatea bideratzen du. Barnealdeko hotz lehorra eta kostaldeko epeltasun umelaz hitz egiten da sarri. «Ez da gauza bera bi gradu Gasteizen edo Donostian» esan ohi da.
Ozeanoek ia lau mila milioi urte daramate kostaldea zizelkatzen eta klima baldintzatzen. Kostaldea kolpatzen duten olatu handiak ozeanoak energia garraiatzeko duen gaitasunaren eta indarraren erakusle argia baino ez dira.
Atmosferaren eta itsasoaren arteko aldaketa termikoetan eragina duen aldagai nagusia lurrunketa da. Ozeanotik atmosferara igarotzen den beroaren %55 lurruntzetik dator. Eguzkiak urazala berotzen duen heinean lurrunketa handitzen da.