GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Karakorum Espedizioak

Ezohiko egoera zortzimilakoen neguko garaian

Beste urte batzuekin alderatuta, Karakorumeko zortzimilakoetan neguan jardungo duten espedizio asko izango dira. G-II, Nanga Parbat eta G-I edo Hidden Peak dira hautatu diren mendiak. Azken horretan euskal mendizaleen presentzia izango da.

p036_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Martxan da dagoeneko Karakorum mendilerroan dauden zortzimilakoen neguko garaia. Eta soilik Karakorum aipatzen dugu, Himalaiako erraldoietan mugimendurik ez delako espero. Bide batez gogora ekarri behar dugu soilik Karakorumekoak direla neguan igo ez diren zortzimilakoak.

Martxan da, beraz, sartu berri garen neguko denboraldia, eta, gainera nola sartu ere! Harritzekoa bada ere, aurkeztu diren asmoak, interesgarriak izateaz gain, inoiz baino gehiago biderkatu dira. Bai, azken urteotako joerarekin alderatuta, espedizioen agerraldia oso handia da. Konfirmatuta daudenen artean, honako helburuak daude: G-I, G-II edo Hidden Peak eta Nanga Parbat. Errusiar batzuk K2-ra joatekoak omen ziren, baina berria ezin izan dugu argitu. Beste hainbeste gertatu izan zaigu Broad Peak-era abiatzeko ei ziren poloniarren espedizioarekin.

Dagoeneko dakiguna da espedizio batzuk abiatu direla, eta batek, bederen, urtarrilean hartuko duela hegazkina.

Eta espedizioetako kideek aurkeztu dituzten egitasmoak azaltzen hasteko, G-II mendia lehen aldiz neguan igotzeko saiatuko diren bi alpinisten erronka aipatuko dugu. Simone Moro italiarra eta Denis Urubko kazakhstandarra dira (Corey Richards argazkilari eta alpinista estatubatuarra ere espediziokide izango dute) helburu horren protagonistak. Biak ala biak oso ezagunak dira, eta biek ala biek oso eskarmentu handia dute zortzimilakoetan. Neguko garaian ere bai. Orain dela 5 urte Morok Shisha Pangma igo zuen Piotr Morawski poloniarrarekin. 2008. urtean, berriz, Broad Peak-eko gailurretik 200 metrora geratu zen. Eta iaz Urubko berarekin Makalu sinatu zuen. Mororen kasua berezia da oso; izan ere, negu garaian hamar espedizio egin ditu.

Broad Peak-era joateko asmoa zutela aurreratu du Morok, baina, espedizio poloniar bat egongo omen denez, G-IIra joango dira: «Broad Peak mendiarekin arantza bat dut, duela bi urte gailurretik 200 metrora buelta behar izan nuelako. Baina, antza denez, poloniarrak egongo dira. Nik beti esan dut ez nabilela errekorren atzetik, besteak beste, `lehen' igoera bat erdiesteko beste modu batzuk daudelako. Neguko espedizioetan benetako alpinismoa sentitzen dut. Bakarrik zaude, oso egoera zail eta nahasian eta esplorazio kutsu bat ere badu. Gainera kontuan hartu behar da egunak askoz ere laburragoak direla».

Bestalde, Morok ez du guztiz argitu ze bidetik igoko diren. Badirudi ohiko bidea aukeratuko dutela, baina, bi alpinista hauen eskarmentua ikusirik, nork daki ez ote duten beste bide gogorren bat hautatuko.

Euskal presentzia

Urubko eta Moro bakarrik egongo dira G-II mendian, baina alboan, G-I mendian beste espedizio bat izango dute. Hasieran hiru kide zituen erronka horrek, baina azkenean beste batzuk gehitu zaizkie.

Berez, xede horren burua Gerfried Gösch austriarra da, eta harekin beste lau kanadar saiatuko dira zortzimilako horren gailurrera igotzen: Louis Rousseau, Don Bowie, Jacques Olek eta Pierre Masson. Eta horiekin batera bi euskal mendizale ere izango dira: Roberto Rojo Gorri laudioarra eta Alex Txikon lemoarra.

Hori da, bederen, haien asmoa. Lemoarra izan zen Göschl eta Rousseaurekin batera espedizioa osatzen zuena; gero besteak gehitu zaizkie. Egoera erabat iraultzen ez bada, Txikonek datorren urtarrilaren 23an hartuko du hegazkina. Eta «irauli» diogu, lemoarrak atzamarra puskatu duelako; igeltsu eta guztiarekin ikus genezake orain. Rojoren kasuan, bestalde, azken orduko albiste txarrak tarteko badirudi zaila duela G-Iera joatea. Izan ere, aita gaixorik du. Euskal mendizaleen asmoak ondorengo elkarrizketan irakur daitezke.

Bi espedizio

Eta Nanga Parbat mendian bi espedizio ikusiko ditugu. Batetik, Sergey Tsygankov errusiarra bakarka saiatuko da. Eta kanpaleku nagusia beste espedizio batekin partekatuko du; Tomasz Mackiewicz eta Marek Klonowski poloniarrek osatzen dutenarekin.

Hirurak ala hirurak ez dira batere ezagunak zortzimilakoen panoraman. Izan ere, lehen eskarmentua izango dute zortzimilako batean. Hirukote hori ohiko bidetik ahaleginduko da.

negua

Oso baldintza gogorrei aurre egin beharko diete Karakorumeko zortzimilakoak aukeratu dituzten espedizioek. G-I, G-II eta Nanga Parbaten lau talde saiatuko dira.

Bi euskal protagonisten iritziak

Eskarmentua badute zortzimilakoetan Roberto Rojo Gorri eta Alex Txikon mendizaleek, baina neguko garaia ez dute ezagutzen. Biak ala biak prest dira lehen urratsa emateko, eta etxeko epeltasunetik beren asmoen berri eman dute.

NEGUAREN DEIA

Alex Txikon: «Gogoa nuen Karakorumera joan eta neguan zer edo zer egiteko. Edurne Pasabanekin bi urte egin ondoren, gorputzak jarduera ezberdin bat eskatzen dit: bakardadea eta lasaitasuna. Buruak, berriz, Edurnerekin Everestera jotzeko eskatzen dit. Hala ere, buruari baino bihotzari kasu egitea nahiago dut».

Roberto Rojo: «Alexek bultzatu nau. Urtearen hasieran Pakistanera neguan joateko asmoa azaldu zidan. Eta xedea gustatu zitzaidan. Aitortu beharra dut erronka honek asko betetzen nauela. Gainera, mendiaren ondoan egon naiz eta oso ederra da».

ERRONKA ZAILA

A. T. : «Ez nau izutzen. Jakin badakigu gailurra egiteko aukera soilik %20koa dela. Hamalau zortzimilakoen zerrenda osatu ahal izateko, beste batzuek nahiago dute apustu seguru bat egin. Simone Moro bezalako espezialista batek baieztatu dit zailtasun handiena eguraldia dela. Astebeteko eguraldi ona izan dezakezu eta ondoren 50 egun jarraian kanpaleku nagusiko dendatik irten ezinik egon gaitezke. Gogorrena, beraz, kanpaleku nagusian aguantatzea izango da, eta motibazioa eduki hiru eguneko eguraldi ona dagoenean gailurrera jotzeko. Kontuan hartu behar da kanpaleku nagusian zero azpitik 15º ko tenperatura espero dugula. Dakidana da Karakorumeko bost zortzimilakoak ez direla oraindik neguan igo. Eta, jakina, arrazoi pisutsuren bat egongo da».

R. R. : «Pasa den udan Don Bowierekin hitz egin nuen eta esan zidan izotz zein hotz handia egiten duela. Uste nuen neguan elur asko egongo zela, baina Bowiek aurreratu zidan iazko Broad Peak-eko espedizioan gogorrena hotza eta haizea izan zirela».

NONDIK?

A. T. : «Gerfried Göschek bide berria zabaltzeko asmoa dauka. Dagoeneko, asmo hori aztertu eta forma eman dio. Baina azken erabakia han bertan hartuko dugu. Bide berri bat eta neguan... oso erronka handia da».

R. R. : «Eguraldiak eta mendiaren egoerak baldintzatuko dute. Uste dut Gerfriedek pasa den udan txekiar espedizio bat saiatutako lekutik igo nahi duela. Baina uste dut hori oso gogorra dela. Izan ere, oso behetik hasten da (6.000 metro ingurura) eta amaitu 8.000 metrora. Shisha Pangmako «Britainiar bidea»-ren antzekoa izan daiteke».

ESTILOA

A. T. : «Pixka bat pisutsua izan daiteke. Bide berritik igotzen bagara, soka finkoa jarriko dugu. Neguan joatearekin nahikoa dela uste dut. Gainera, ez gara oso entrenatuta egongo, agian hogei bat egun ezer egin gabe egon gaitezkeelako. Eta sokak ondo etorriko dira».

R. R. : «Nire iritziz, lehenik eta behin girora ondo egokitu behar gara. Nahiago dut behin bakarrik igotzea eta ez pixkaka soka finkoak jartzen. Eta, jakina, erabaki beharko dugu nondik jaitsi: ohiko bidetik edo balizko bide berritik. Hori guztia ere han erabaki beharko dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo