Compositadour, material konpositeak asmatzeko gunea inauguratu dute
Technocite gune berri-berrian, material konpositeen ikerketa, prestakuntza eta fabrikazioan jardungo duen lehen zentroa inauguratu dute: Compositadour. Batez ere, aeronautikara bideratuko du jarduera.
A. M. | BAIONA
Baionako hegoaldeko sarreran Technocité industrialde berrian kokaturiko Compositadour zentroa inauguratu zuten joan den ostegunean. Batez ere aeronautikara bideratutako konposite materialak asmatu, prototipoak eraiki, probak egin eta fabrikaziorako jardunbidea finkatuko dira gunean. Guztia, robotika prozeduren bidez.
Compositadour elkarlanaren emaitza da, Estatuak, Akitania Eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta BAB hirigune elkargoak parte hartu dute. Instituzioak ez ezik, industriagintzako hainbat enpresa (Dassault Aviation, EADS, Daher Socata, Coriolis Composites...) eta lanbide prestakuntza berezituko ikastetxeak (Peyrehoradeko Jean Taris lizeoa eta Bidarteko Estia ingeniaritza eskola) ere proiektuaren partaide dira.
«Bikaintasun gunea»
Hain zuzen ere, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako Estia eskola izango da Compositadourren kudeaketaren arduraduna. Berak sustatuko du zentroa eta aeronautikan edota konposite materialak erabiltzen dituzten beste esparruetan ere prestakuntza edota sorkuntza arloan interesa duten eragileak bilatuko ditu.
Aturriko eremuan sistema automatizatuen bitartez konpositeen fabrikaziorako «bikaintasun» gunea bilakatzea da Compositadourren helburu behinena. Teknika berritzaileak erabiliko dituen proiektua Aerospace Valley gaitasun poloaren eta aeronautika industriaren beharrak bultzatuta jarri dute abian.