Haurrak eta ospetsuak, «Mihiluze»ren Gabonetako saio berezietan
GARA | DONOSTIA
Eguberriak opor garaia dira haurrentzat: eskolarik gabe, denbora libre gehiago dute. Tarte gehiago beraz, besteak beste, telebista aurrean igarotzeko. Horren harira, gaurtik aurrera eta bi astez, etxeko txikienak bihurtuko dira protagonista «Mihiluze» saioan. Gabonetan, lehiak, dibertsioak eta entretenimenduak bat egingo dute egunero ETB1eko saioan.
Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok primerako lehiakideak izango dituzte saio berezi hauetan. Euskal Herri osoko 9 eta 11 urte bitarteko gazterik alai eta dibertigarrienak arituko dira «Mihiluze» saioko probekin jolasean. Sariak ere ederrak izango dira: «Mihiluze»ko mahai jolas berriak, MP4ak, Wiiak eta Port Aventurara bidaia zoragarriak lortu ahal izango dituzte umeek.
Ospetsuak, imintzioka
Urtarrilaren 1ean berriz, «Goenkale»ko Loreto Mauleon eta Xabier Perurena, Atlheticeko Gorka Iraizoz eta Ustaritz Aldekoaotalora, eta Jon Iraola aktorea eta Agurne Anasagasti aurkezlea izango dira partaideak. Ospetsuak proba guztietan arituko dira, imintzioka, marrazten, esamesetan... Dirua bularretako minbiziaren kontrako EITBko maratoirako izango da.