GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Kazetariak kalean, CNN+ kateak ateak itxiko dituela iragarri ostean

Telecincorekin bateratu da Cuatro, eta ondorioz, Prisa taldeko CNN+ kateak ateak itxiko ditu. Langileek «zuzendaritzaren gestio txarra» salatu dute. Iñaki Gabilondok, beste kazetariek bezala, agur esan dio telebistari.

p043_f01_148x112.jpg

GARA | DONOSTIA

Telecinco eta Cuatro (Prisa) telebista kate pribatuek bat egingo dute. Eragiketa hau fusiotzat aurkeztu dute, izan ere, elkarrekin Estatu espainolean irekian emitituko duen telebista katerik handiena sortuko baitute. Prisa taldeko kide ez diren komunikabideen iritziz, bestalde, eta sarean irakur daitekeen moduan, «fusioa» baino, «salerosketa» izan da, hain zuzen, enpresa berriaren jabegoa ez baita erdibanakoa izango. Telecincok %81,7 izango duen bitartean, Prisak %18,3% izango du bere gain. Gainera, Mediaset telebista enpresak, Telecincoko akzio gehien dituenak, Digital+ katearen %22 erosi du. Horren guztiaren ondorioz, besteak beste, hamaika urteko ibilbidearen ostean, Prisaren taldeko CNN+ kateak ateak itxiko ditu.

Erantzunak bata bestearen atzetik sortu dira azken astean, horien artean bertan lanean aritu diren kazetari eta langileenak. Egoera salatzeko adierazpena argitaratu dute, eta itxieraren aurka agertzeaz gain, egoera «zuzendaritzaren gestio txarraren ondorioa» dela diote. Gainera, eurak direla kaltea ordainduko duten bakarrak. «CNN+eko langileok proiektu honek duen gizarte balioetan sinisten jarraitzen dugu -diote-. Urteetan lanean aritu gara, geure lanak duen onura publikoaz jabetuta. Ez gaude salaketarik egin gabe amore emateko prest». Halaber, Prisako zuzendaritzari leporatu diote alderdi ekonomikoetan kazetaritzan baino interes handiagoa jartzea. «Gu ez gaude hemen finantzak egiteko, kazetaritzan lan egiteko baizik», dio testuak. Adierazpena dagoeneko zortzi mila pertsonek sinatu dute, horien artean, eta hiritar anonimoez gain, kultura, hezkuntza eta kazetaritza arloko pertsona askok.

Kazetari ugari aritu dira lanean CNN+en; horien artean, Iñaki Gabilondo, kateko aurpegi ezagunenetako bat. Donostiarrak «Hoy» elkarrizketa programa aurkezten zuen, eta lehenago gaueko albistegiak aurkeztu zituen Cuatro kate pribatuan. Saioa agurtzeaz gainera, Gabilondok agur esan dio, oraingoz behintzat, pantaila txikian lanean jarraitzeari.

LaSexta-ko «El intermedio» saioan egindako elkarrizketa batean, Gabilondok Telecincon lan egiteko aukera alboratu zuen guztiz. «Telecincok ez du niretzat lekurik eta nik ere ez dut Telecincori eskaintzeko ezer, beraz, ezinezkoa da», onartu zuen.

Bi komunikabideek bat egin arren, ez dute programazio bakarra eskainiko eta kate bakoitzak bere saioak emitituko ditu. Hala ere, eta dagoeneko aurreratu denez, Cuatroko kazetari batzuk hemendik aurrera Telecincon arituko dira, Concha Garcia Campoy, kasu. Bateratzearen aurrean, kazetariek jarrera ezberdinak hartu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo