GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Olanok eraman du Gabonetako lehiaketa

p032_f02.jpg

J.L.

Arkaitz Olanok irabazi zuen atzo Leitzan jokatu zen Gabonetako Torneoa. Bertan Nafarroako aizkolari gazteak neurtu ziren, adinez gazteak, baina azkenaldian batzuk goi mailan dabiltzanak, eta eskarmentua ere dezentea duten aizkolariak.

Eguraldi hotza, oso hotza zen, Leitzako Amazabal pilotalekuan, baina jendeak erantzun ona eman zuen. Aizkolaritza indarrean dator behetik gora, eta gazte jendeak aizkolari gazteak ikusi nahi ditu, eta hori Leitzan egiaztatu ahal izan zen.

Iragarritako aizkolarien artean berrikuntza bat egon zen, Beltza ez baitzen azkenean joan, eta bere ordez aritu zen Resano. Aizkolariek lan laburrak egin behar izan zituzten. Hasteko, bakarka neurtu ziren, zeinek 45 ontzako enborra azkarrago moztu, eta denetara bi saio galtzen zituena kanpora joaten zen.

Horrela joan ziren aizkolariak kanporatuz, amaieran bi geratu ziren arte. Eta amaiera horretan atzokoen artean izenik handiena zuena, eta irabazteko faboritoa zena, Ohian Larretxea. Berarekin batera Arkaitz Olano leitzarra. Finalean, gainera, bakoitzak bi kana-erdiko enbor moztu behar izan zituen, eta garaipena Olanok lortu zuen. Leitzarrak 4 minutu eta 5 segundo behar izan zituen lanak burutzeko, eta 4 minutu eta 21 segundo behar izan zituen Larretxea gazteak. Hirugarren postuan Kañamares III.a sailkatu zen, Erasun laugarren, bosgarren Ruben Saralegi, seigarren Xabier Mindegia, zazpigarren Resano, eta azkena, Pellejero.

Gazte mailako Binakako Urrezko Aizkora ere atzo jarri zen abian Leitzan bertan, eta Eneko Saralegik eta Vicente II.ak lortu zuten lehen garaipena Otaño eta Zabaleta mendean hartuz. Hasteko erlojuz kontra 45 ontzakoa moztu behar izan zuten, bakoitzak bana. Denetara, 2 minutu eta 37 segundo behar izan zituzten Saralegik eta Vicentek, eta 2 minutu eta 55 segundo, berriz, Otañok eta Zabaletak.

Bigarren eta azken lanean, txanda librean bi kana-erdiko moztu behar zituzten, eta hori ere Saralegik eta Vicentek irabazi zuten, 4 minutu eta 44 segundoan lanak amaituz, eta Otañok eta Zabaletak, berriz, 5 minutu eta 19 segundoan bukatu zituzten lanak. Lan guztietako denborak batuta, 7 minutu eta 31 segundo izan zen Saralegiren eta Vicenteren denbora, eta 8 minutu eta 14 segundo Otañorena eta Zabaletarena.

Idi-probak Gatikan

Gaur, 21.00etatik aurrera, Euskadiko finala jokatuko da Gatikan, urteko hiru uztarri onenekin, aurtengo azkeneko lehiaketa ofizialean. Bertan, Bioanebarriren, Construcciones Ugarteren eta Landazabalen uztarriak neurtuko dira. 1.650 kiloko harria erabiliko dute, eta ordu erdia izango du idi pare bakoitzak lanerako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo