GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Superprestigioa

Waltarik argi utzi du beste guztien gainetik dagoela

Kubako aurrelaria jaun eta jabe izan zen. Markagailuan 17-0 eta 30-2 aitzineratu zen, eta Harizmendiri ez zion aukerarik txikiena ere utzi.

p032_f03.jpg

WALTARI 40

HARIZMENDI 15

Jon LEUNDA

Agusti Waltarik urtea beste txapel batekin amaitu du, atzo erraz, oso erraz, menderatu baitzuen Harizmendi, eta berriro ere garbi erakutsi zuen besteak baino koska bat gorago dagoela, baita trinkete zaharretan ere. Iaz arte esaten zen kristalezkoan zela besteak baino gehiago, baina ez tradizionaletan, baina azkeneko bi urte hauetan zalantza guztiak uxatu ditu.

Ezuste asko izan diren lehiaketa honetako finalean faborito garbia zen kubatarra, eta hasieratik ikusi zen gauzak nola joango ziren. Oso minutu gutxitan 17-0 aitzineratu zen, eta garbi zegoen finala ia erabakita zegoela. Harizmendi erabat mendean zegoen. Sakearekin min handia egiten zuen amerikarrak, eta piloteoan ere ez zion aukerarik ematen euskaldunari.

Gauzak ez ziren batere aldatzen, eta markagailuak itxura deigarria hartu zuen faboritoa 30-2 aurretik jarri zenean. Ordurako txapela nora joango zen garbi zegoen, baina Harizmendik zenbat kintze egingo zituen jakitea zen kontua. Nafarroa Beherekoak aurkariaren erritmoaren jaitsiera aprobetxatu zuen, markagailua apur bat itxuratu ahal izateko.

Norgehiagokak berak ez zuen izan besterik ez ikusteko, ez kontatzeko, Waltarik sekulako astindua eman baitzion aurkariari. Tantoen erdiak saketik egin zituen, eta beste behin aurkariaren etsipena ikusi zen, Harizmendik ez baitzuen egiterik izan egin zuena baino askoz gehiago.

Amerikarrak bi partida jokatu ditu txapelketa honetan eta 28 kintze besterik ez ditu jaso. Horrek agerian uzten du gaur egun bera eta gainerakoen artean dagoen tartea.

Txapel guztiak

Trinketeko profesionalek badituzte urtean gorriz azpimarratutako lau lehiaketa. Buruz Burukoa, Binakakoa, Masterra eta Superprestigioa. Horiek dira urteko lau lehiaketarik garrantzitsuenak, eta denak irabazi ditu Waltarik. Binakakoan Etxeto izan zuen lagun, eta Masterrean Ozafrain. Beste biak bakarkakoak dira. Horrekin batera, trinketeko esku pilotako aurtengo pilotaririk onena dela agerian utzi du, eta ez kristalezko trinkete modernoetan bakarrik, baita gogorragoak eta zailagoak diren betiko trinketetan ere.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo