GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

«Aurten mailari eustea baino zerbait gehiago pentsa dezakegula uste dut»

p031_f01.jpg

Aretz Igiñiz

Errugbilaria

Aretz Igiñiz hendaiarra jokalari garrantzitsua da Avironen hamabostekoan. Pillier lapurtarra lan bikaina egiten ari da, eta taldea ere gauza bera ari da egiten. Iaz maila galdu zuen talde zuri-urdinak, baina bulegoetan eutsi ahal izan zion mailari, beste talde batzuek dirua zor zutelako utzi behar izan baitzuten Top 14a. Aurtengo Avironek, ordea, ez dauka zerikusirik iazko taldearekin.

Jon LEUNDA

Aretz Igiñiz Aviron taldeko ikurra bihurtu da. Une honetan taldeko harrobitik aterata lehen taldean jokatzen ari den bakarrenetakoa da, eta zaleek bere lana eta gogoa erruz maite dute.

Denboraldiko lehen zatia amaitu da. Zer esango zenuke orain arte egindakoaz?

Hasi oso indartsu egin ginen, eta lehen postua ere lortu genuen. Gero heldu ziren emaitza txarrak, eta hor apur bat kezkatu ere egin ginen, baina Ligako azkeneko bi partidak ere irabazi ditugu, eta badirudi berriro ere gure jokora itzuli garela. Helburua mailari eustea zen, eta une honetan atzeko taldeei tarte handia ateratzen diegu, eta agian beste zerbait egitea ere pentsatu beharko dugu.

Helburu hori Heineken Kopa izan al daiteke?

Nik uste dut baietz. Lehen helburua mailari eustea zen eta izan behar du, baina hori lortzetik gertu gaudela uste dut, atzekoei tarte handi samarra kentzen diogulako, eta lehen aldiz Heineken Koparako sailkatzea handia litzateke. Horretarako Liga lehen zazpietan amaitu behar dugu, edo bestela European Challenge irabazi, saiatu beharko dugu.

Iaz maila galdu zenuten, nahiz eta gero bulegoetan Top 14an jarraitzea lortu. Zer aldatu da?

Iaztik taldea apur bat indartu dugu, baina ez dut uste alde handirik dagoenik. Kontua da iaz egutegi xelebrea izan genuela. Lehen itzulian ia partida guztiak kanpoan jokatu genituen, eta han ez genuen batere irabazi. «Gero, etxean irabaziko dugu», pentsatzen genuen, baina hori ere ez genuen lortu. Aurten hasieratik bikain ekin diogu, eta horrek beti indarra ematen du aitzinera egiteko.

Avironek azken urte hauetan gabezia handi bat izan du etxetik kanpo, ia ez baitzuen punturik ateratzen. Zer aldatu da aurten?

Horrela da. Iaz eta aurreko urteetan kanpoan ia ez genuen partidarik irabazten, baina aurten lehen partida joan eta irabazi egin genuen, eta horrek konfiantza eman zigun, eta ikusi dugu Jean Dauguerretik kanpo ere irabaz dezakegula. Uste dut hori dela aldatu dena.

Lehen aipatu duzu Heineken Koparako bidean European Challengea irabaztea dela aukeretako bat. Hori al da helburuetako bat?

Saiatu behar dugu. Badakigu zaila dela, baina ahalegindu behar dugu. Lehen fase honetan aurrera egin nahi badugu, beharrezkoak genituen italiarren aurka hamar puntu ateratzea, eta lan hori oraingoz ongi bete dugu. Bide berean jarraitu behar dugu.

Zuen auzoko taldea ere denboraldi ona ari da egiten. Nola ikusten duzu?

Biarritzek oso talde ona dauka eta hor goian ibiliko da. Gu ez bezala hasi zen, hasiera ez baitzuen ona izan, baina apurka-apurka horri buelta eman, eta dagokion lekuan dago. Oso talde ona dauka.

Amestu ahal daiteke lehen aldiz bi euskal talde Heineken Kopan ikustearekin?

Amestu beti egin daiteke, gero ikusiko da. Itzela izango litzateke Euskal Herriko bi errugbi talde onenak Europako lehiaketarik handienean ikustea, baina ez da erraza izango. Bietatik bakarra sailkatzen bada, gu izatea gustatuko litzaidake, baina zaila dago. Nik uste dut Biarritz hor sartuko dela, taldea horretarako egin dute. Guri ere gustatuko litzaiguke, eta horretarako, bide honetatik jarraitu behar dugu.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo