GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal diasporaren DNA ikertzen ari dira, antzeko genetikadun herriei giro ezberdinak nola eragiten dien behatu eta aztertzeko

Biomics taldeak euskal diasporaren DNA aztertzen dihardu, gurearen antzeko genetika duten herriei giro desberdinak nola eragiten dien behatzeko. Bizimoduarekin zerikusia duten gaixotasunak ikertu ahal izatea dute helburu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaile horiek.

p017_f01.jpg

GARA I

Biomics taldeak EHUko Arabako campusean du egoitza, eta SGIKer Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorraren DNA bankuaren ardura izateagatik da bereziki ezaguna. Hala ere, ez dira zerbitzu hori ematen bakarrik aritzen, haiek berek ere bankua aberasten baitute, bai eta erabili ere, beren ikerketa lerroen bitartez.

Marian Martinez de Pancorbo doktorearen zuzendaritzapean, genetikaren hainbat alorretan (neuroendekapenezkoa, minbiziarena edo auzitegi genetika) adituak diren ikertzaile ugarik dihardute Biomics ikerketa taldean. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta mundu osoko ospitale eta unibertsitateekin elkarlanean aritzen dira, gainera.

Sarritan, Biomics taldearen ikerketek oihartzuna izaten dute nazioartean. Horren adibide, «Nature Genetics» aldizkarian Alzheimer gaitzaren inguruan argitaratu zuten lana. «Alzheimerra garatu aurreko etapa aztertzen dugu. Izan ere, gaitza edukitzeko arriskua handiagoa dela adierazten duten gene batzuk detektatzen baditugu, terapia aringarriak aplikatzen saia gaitezke», azaldu du Marian M. de Pancorbok.

Bularreko minbiziari buruzko ikerketa bat ere (nagusiki Naiara Bediaga ikertzaileak egina) argitaratu dute berriki, «Breast Cancer Research» aldizkarian: «Tumore baten eta ehun osasuntsu baten DNA aztertuz gero, base-sekuentzia berdina da. Baina tumore baten barruan begiratzean, tumorearen baseari metilo talde batzuk gehitzen zaizkiola ikusten da, DNA aldatzen dutenak». Epigenoma da hori, eta gakoa izan daiteke minbizia are lehenago detektatzeko. Horrenbestez, ikerketa lerroak zabalik jarraitzen du.

Biomics taldeak ikertzen dituen alorrak askotarikoak dira, baina lerro tradizional batekin du zerikusia azkenaldian gehien sendotu duten ikerketetako batek. Giza populazioaren genetika eta eboluzioa dute ikergai, eta, horrekin, taldea bere oinarrietara itzuli da.

Gaur egun badaude metodoak populazio jakin baten leinuari jarraitzeko, eta horixe bera egiteko asmoa dute euskal leinuarekin. Hala, Ozeano Atlantikoaren beste aldera begira jarri da taldea, euskal diasporara.

«Populazio berak ditugu, Euskal Herrikoak, baina beste ingurugiro batzuetan bizitzen. Ingurugiroak zenbat eragiten duen ikustea erabaki dugu, genetika berbera dela kontuan hartuta. Hori egitea ezinezkoa izaten da normalean. Izan ere, etorkina italiarra bada, adibidez, jakin badakigu italiarra dela, baina zer tokitakoa, zehazki? Italiako zer erregiorekin erkatuko dugu? Etorkina euskal herritarra bada, ordea, erregio zehatz eta txiki batekin erkatzen dugu, bere abizenari esker», azaldu du Marian M. de Pancorbok.

Halaber, ikerketak ez duela ezagutza hutserako bakarrik balio gaineratu du: «Uste dugu ekarpen handia egin dezakeela populazioaren nahasketek eta askotariko bizimoduek nola eragiten duten jakiteko. Batez ere, osasunaren eta gaixotasunen ikuspuntutik».

AEBak eta Argentina

Euskal etxeen sare zabala baliatuta, euskal jatorria duten ehunka lagunen listu-laginak eskuratu ditu Biomics taldeak, Argentinan eta AEBetan (Kalifornia, Nevada eta Idaho). Behin lagin horiek Gasteizko ikerketa-zentroan daudela, datuak erregistratu eta laginetatik DNA ateratzen dute pixkanaka, hura aztertzeko eta «urrea bailitzan» DNA bankuan gordetzeko. Azterketok DNA mitokondrialari (emakumeek transmititzen duten herentziaren markatzaileak) eta Y kromosomari (gizonen markatzaileak) buruzkoak dira batez ere.

AEBei dagokionez, taldeak baditu lehen emaitzak dagoeneko. Marian M. de Pancorbok azaldu bezala, bi talderekin egin dute topo. Lehena, haien arbasoak Amerikara iritsi eta elkarren artean gurutzatzen jarraitu zuten horiena: «Hemen daukagunaren translazio bat da, Amerikan». Bigarrena, nahastuta daudenen taldea da. Kasu horretan, nahasketa-portzentajearen kalkulua egin dute: «DNA mitokondrialaren kalkuluak dio osagaiaren %50 baino gehiago dela euskal jatorrikoa, eta gero beste leinu batzuk txertatu direla, nagusiki kaukasiar jatorrikoak, bai eta, neurri txiki batean, jatorri hispanokoak ere. Ia ez dugu nahasketarik aurkitu populazio beltzarekin. Y kromosomari dagokionez, datuak antzekoak dira».

Orain badakitenez diasporako euskal herritarrek zenbateraino mantentzen duten ondare genetikoa, Marian M. de Pancorbok dioen bezala, «obesitatearekin lotutako azterketak egiten hasi gara, eta zerikusia duten beste gaixotasun batzuk ere ikertu nahi ditugu».

Ez hori bakarrik: espedizio bat antolatzen ari dira urtebete edo bi urte barru egiteko, ikerketa horretan are gehiago sakontzeko. Zehazki, Ipar Amerikako latitude altuagoetan eta garai goiztiarragoetan ikertu nahi dute; baleontziak bertara iritsi ziren garaietan. «Kasu horretan ez diete abizenei eutsi, baina Y kromosomari esker euskal herritarren aztarna jarrai dezakegu, amerikar jatorriko populazioaren Y kromosoma desberdina baita. Berriz ere, gene batzuen eta besteen portzentajea zenbatekoa den ikusi nahi dugu, eta gure populazioarekin harremana izan zuten amerikar jatorriko herrien osasun-egoerarekin eta gaixotasunekin horrek zer korrelazio duen ikertu», azaldu du Biomics taldeko zuzendariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo