GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Legea eta justizia, bakoitza bere bidetik

Agintarien ahotik behin eta berriz entzutearen ondorioz herritar askok uste dutenaren kontra, justizia eta legea ez dira sinonimoak. Kontuz, justizia eta kartzela ere ez dira sinonimo, hainbestetan entzutearen ondorioz herritar askok kontrakoa uste duten arren. Horrexegatik, Nagore Laffageren auzian justiziarik ez dela egin esateko arrazoiak egon badaude. Baina arrazoi horiek ez dira ez legea bete ez denik ez eta bere heriotzaren arduradunari, Jose Diego Yllanesi, erori zaion kartzela zigorra «baxua» denik ere. Atzo bertan, espainiar Auzitegi Gorenak nafar epaitegiek auzi honetan emandako epaia berresten duela jakin ostean, Yllanesen abokatuek epaiaren legezkotasun prozedimentala defendatu zuten. Legala izango da, baina horrek ez du epaia justuago egiten. Izan ere, diruak ordain dezakeen epaiketarik justuena izan du Jose Diego Yllanesek. Adibidez, epaiak argi uzten duenez, bere biktimaren familiari ordainsaria emateko Yllanes familiak erakutsi duen prestutasunak asko arindu du zigorra. Zer gertatzen da, ordea, diru hori ez duten erasotzaileekin? Erantzuna agerikoa da. Halaber, hamabi urte kartzelan ematea asko da, edonorentzat. Nolanahi ere, antzeko gertaerengatik zigorrak askoz ere zorrotzagoak izan ohi dira. Berdintasuna legearen eta justiziaren ezaugarria da. Ez dagoenean, horien faltaren ezaugarri bihurtzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo