Gari Mujika, Periodista
Zenbat...
Zenbat diruzale, zenbat putaseme!», kantatzen zuen BAPek, eta horixe etorri zitzaidan burura atzo goizean orojakile bailiran aurkezten diren tertuliano horietako bati entzun ostean. Urtearen amaiera gertu dabilela-eta, ohikoak diren atzera begirako lanetan zirela, krisi ekonomikoa hizpide, dekretu bidezko langileen eskubide urratzeak gainetik aipatu eta gero, euskal herritarrak greba orokorrera deitzea arduragabekeria baino ez dela sententziatu zuen.
«Zenbat diruzale, zenbat putaseme!». Emakume batek ezetz esan zion, baina Opusekoa izanik, beste inork baino eskubide gehiago zituenaz ziur, bahitu, bortxatzen saiatu, behatza moztu, eta, azkenik, bere eskuekin hil zuen. Ez omen da hilketa, homizidioa baizik. Iruñeko sendi diruduna izaki, hamabi urteko espetxe zigorra zortzian edo gutxiagoan geldituko da azkenerako. To Olentzeroren oparia!
«Zenbat diruzale, zenbat putaseme!». Diruak boterea ematen duen uste berarekin ibiltzen dira goizeko ordu txikietan azaltzen diren poliziak. Lau urtero hautestontzietan aukeratzen diren agintariek emandako inpunitateak baliatu du beste behin sei euskal gazte torturatuak izatea. Eta emakumezkoek, gainera, borrero horien esku nazkagarriek euren gorputzak ukitzea sufritu behar izan dute. To Olentzeroren oparia!
«Zenbat diruzale, zenbat putaseme!». Kalean baino espetxean izan dituzte euren oinak salatari anonimo batek «Gora ETA!» oihukatu zutelakoan auzibidean ezarri zituen Zarauzko bi gazteek. Euskal Herriaren aurka edozerk balio duenaren teoriaren aterkipean ibili dira ere bestelako «anonimoak» Arratia aldean, Dimako gazte bat zortzi kaputxadunen artean basora kolpe eta mehatxu artean eramanez. To Olentzeroren oparia!
«Zenbat diruzale, zenbat putaseme!». Inork gutxi ametitzen du egun kristaua denik, erlijioen aurkako militante izatea baitago modan. Baina nork ez ditu bada ospatzen Gabonak? Kontsumismoa erlijio bilakatuko balitz berau izango litzateke inoiz ezagutu gabeko erlijiorik, eta enpresarik, eraginkorrena.
Hipokresia dogma bilakatu eta itsu-mutu-gor bizitzea hautatzen denean, Olentzerok ere ezin izaten ditu hainbeste kontzientzia zuritu. «Zenbat diruzale, zenbat putaseme!».