Unai Urruzuno, Ondarroa
Zorionak eta eskerrik asko, Arkaitz
Hala da Arkaitz, botoek aitortu ez dietenen eskuan da gure herriko aginte makila. Horregatik lotu gintzaion intsumisioari. «Udal hau ez dugu onartzen, berak eskubide osodun herritar onartzen ez gaituenez».
Berehala eman zuten abisua BECen zeudenek, eta, larunbat gauean bertan, hedatua zen nola, txapela jantzi ostean, aginte makila gure herriari eskaini zenion. Poza, zirrara eta malkoren batzuk ere tartean, zuzenean zein irrati edo telebistaz agurra jarraitu zutenengan. BECen bertan ondarrutar baten ahotik entzun ahal izan zen irrintzia horren seinale da.
Hunkituta eta harro gaude, Ondarroarekin inolako loturarik ez duen batek, txapeldun batek, holako momentuan, azken agurrean, senideen, presoen eta hurbilekoen alboan gure herriari ere leku egin izanaz.
Hala da Arkaitz, botoek aitortu ez dietenen eskuan da gure herriko aginte makila. Udalera heldu zitzaizkigunak ditugu jaun eta jabe. Horregatik lotu gintzaion intsumisioari. «Udal hau ez dugu onartzen, berak eskubide osodun herritar onartzen ez gaituenez».
Sei urte dira jada 200en bat familiak Udalari zergak ordaintzen ez dizkioguna eta hala jarraituko dugu udal hori ondarrutarrok aukeratu duguna ez den bitartean. Aldiz, Ondarroako Udaletik zein Bizkaiko Ogasunetik hamaika izan dira gure jarrera honetan etsi dezagun egin dituzten saiakerak. Azkena, Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergotik, orain gure herria bertako kidea baita botorik ez baina aginte makila dutenek hala erabakita. Sasipublikoa sasipribatua baina goitik behera EAJk kontrolpean duen enpresa hau, Bilboko alkateorde Areso jauna buru duela, prest omen dago 200 familiari ura mozteko. Kanpotik etorritako bere alderdikideek okupatu dizkiguten eserlekuen itzulera eskatzeagatik. Horretaraino heldu da EAJ.
Azken mehatxu hau ez dugu gutxietsiko, baina errieik ere ez dugu emango. Desobedientziaren bidea hartu dugunotariko asko, jada kalean ziren 69an frankismorik gordinenean Andoni Arrizabalagaren heriotza zigorraren kontra, Fran Aldanondoren askatasun eske 77an, gerra zikinak eraildako herritarrekin bat 80eko hamarkadan, eta han ziren oraindik 95ean Imanol Porruren hilotzaren aldamenean eta hor diraute, urtarrilean beraien seme-alaba edo bilobak izan daitezkeenen aurka pairatu genuen erasoaldian, hamabi egun luzez beltzek ezarritako setioaren aurrean tinko. Borrokari erabat lotutako belaunaldia, Arkaitz. Borroka urte luzeegiak, orain jauntxo batzuen mehatxuen aurrean men egiteko. Ez dira errie emateko garaiak. Ez gaitezen erratu, aukeratu dugun bideak antolakuntza eta borroka eskatzen jarraitzen dute eta bidea eginez joango gara bidean aurrera.
Bidea Maltzagakoa da, ez Ondarrukoa, abestu zenuen zeuk Arkaitz orain bi urteko txapelketa eta final berdinean Bizkaiko Kultura diputatua eta Ondarroako Gestora usurpatzaileko kidea ere badenaren aurrean. Ez dirudi, ordea, ikasgairik atera dutenik. Ondarroan, ezker abertzaleak luzatutako proposamenek mespretxua baino ez dute jaso jelkideen aldetik, arazoaren konponbidea soilik zigorraren eremuan kokatuz. Euskal Herrian, nabarmen ari da geratzen EAJ. Maltzagarainoko bidea egiteko prest daudenekin Gernikan baino, Madrilen Zapatero eta Rubalcabarekin akordio etengabe eta erabatekoan aurkitu du posizioa.
Ba bueno Arkaitz, gauzak horrela, jakin ezazu Ondarrun beste txapel bat irabazi duzula. Izango dugu parada zure buru gainean jartzeko!