Jaia, manifestazioa eta kirola bilduko ditu Areatzak
San Mamesera berdez jantzita joan eta «olatu berdea» sortzeko eskatu die zaleei Independentistak sareak.
Arnaitz GORRITI I
Euskal Selekzioak Venezuelaren aurka bihar jokatu behar duen futbol partida baliatuta, aldarrikapen eguna deitu du ESAITek. Azkenean, Bilboko Areatza izango da aipatu iritzi taldeak ofizialtasunaren alde antolaturiko ekitaldien epizentroa, nahiz eta azken orduan Bilboko Udalaren aginduz hainbat aldaketa egin behar izan dituzten, ordutegi aldetik batik bat.
Eguneko ekitaldi nagusia 18.30ean Areatzatik San Mamesera abiatuko den manifestazio nazionala izango da, «Nazioa gara. Ofizialtasuna. Lortu behar dugu, lortuko dugu!» leloarekin. ESAITek hilaren 15ean adierazi zuenari jarraiki, «ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera» izatea nahi dute deitzaileek. Hala ere, aldarrikapen eguna aspaldi hasita egongo da ordurako. Hain zuzen ere, 11.30ak aldera. Ordu horretan, Pirritx eta Porrotx pailazoen emanaldiarekin ekingo zaio egunari Areatzako karpan. Ondoren, 13.00etan, triki poteoa izango da. Jarraian, 14.30ean, kirol ezberdinen erakustaldiaren txanda iritsiko da; tartean, karate saio bat ere izango da, ekitaldiari ikusgarritasuna eman asmoz.
Bazkalondoan, 15.30ak aldean, Amaiur musika taldearen eskutik musika kontzertua izango da. Jarraian, 18.30ean, aipatutako manifestazioa abiatuko da. Azkenik, 20.45ean San Mamesen partida hasten denean, pantaila erraldoia martxan jarriko da Areatzan futbol zelaian izaterik ez dutenek partida bertatik jarrai dezaten. Horrez gain, egunean zehar ez dira ogitartekoak, edariak eta animazioa faltako Areatzako karpetan zein txosnetan, aldarrikapen eguna ez ezik, jai eguna ere bai baita biharkoa.
«Olatu berdea», San Mamesera
Independentistak sareak San Mamesera joatekoak diren futbol zaleei berdez jantzita joateko gonbitea luzatu die ohar baten bidez, harmailetan «olatu berdea» nagusitu dadin.
«Independentistak saretik, independentziaren alde San Mameseko harmailetan olatu berdea egiteko deia gogorarazi nahi dugu. Euskal Herriaren independentziaren aldeko olatu erraldoia, gure selekzio nazionalak izaera, izen eta nortasun propioaz munduan zehar lehiaketa ofizial guztietan jokatzeko eskubidea aldarrikatzeko. Ofizialtasuna exijitzeko», adierazi dute.
Bandera eta zapi independentistak Somera kaleko Inpernu arropa dendan eros daitezkeela gogoratu du Independentistak sareak, baita bihar bertan Areatzan eta San Mames inguruetan saltokiak jarriko dituela ere. Horretarako, boluntarioak eskatu ditu aipatu taldeak. Laguntzeko prest daudenak, Independentistak sarearekin harremanetan jar daitezke info@independentistak.net posta elektronikoko helbidera idatziz. Biharko hitzordura gerturatzeko aukera ere badago; 17.00etan Areatzan izango duten karparen aldamenera, hain zuzen ere.
Ezker abertzaleak biharko ESAITek antolaturiko aldarrikapen egunarekin, bereziki manifestazio nazionalarekin, bat egin du prentsa ohar baten bitartez.
Oharrean nabarmentzen duenez, «ezker abertzaleak argi du -biharkoa- bi selekzioren arteko lehia baino gehiago dela. Federazio eta gobernutxoen gogo ezaren aurrean eskubideen aldarrikapena da».
«Egun ukazioa baino ez dugu ikusten. Hargatik, futbolariek euren elastikoa baino askoz gehiago defendatuko dute: Euskal Herriak nazioarteko eremuan ordezkatua izateko duen eskubidea», azpimarratu du ezker abertzaleak. A. G.