Beste joko moldeak ezagutuz
Joko berriari heldu zaio helburuak betetzeko ordua
Orain dela 60 urte asmatu zuen Ximun Aran pilotari ohiak trinketeko eta ezker paretako pilotaririk onenak batzeko jokalekua eta joko moldea. Helburu hura oraindik oso urrun dago, nahiz eta argi apur bat ikusi duen.
Jon LEUNDA I
Pilotan aritzeko leku berezia da joko berria. Baditu 60 urtetik gora sortu zela, baina ez ditu hasierako helburuak bete. Ximun Aranen asmoa, bere sortzailearena, alegia, ezker paretako eta trinketeko pilotariak batzea zen, garai hartako Hego eta Ipar Euskal Herriko pilotariak batzea. Oraingoz, aldiz, ezinezkoa izan da.
Joko berriak ezker aldea eta errebotea trinket bat bezalakoak ditu, eta, frontisa eta eskuin aldea, berriz, frontoi bat bezalakoak. Aranen asmoa, trinket baten eta frontoi baten tarteko zerbait egitea zen, baita bi leku horietan aritzen ziren pilotari onenak elkarren aurka tarteko leku batean neurtzeko jokaleku bat asmatzea ere.
Arazoak hastapenetik izan zituen. Federazioak aurka jarri zitzaizkion, eta, ondorioz, pilotariak eta antolatzaileak atzera egin zuten. «Frantziako Federazioak aurka egin zuen, eta bertan lizentzia genuen pilotarioi galarazi egin zigun joko berrian jokatzea; bestela zigortuak izango ginela esan zigun. Nik nire bizitzan pare bat aldiz jokatu izango dut», dio Jean Batiste Garatek, berezkoen txapelduna izandakoak eta egun pilotarien entrenatzaile eta trebatzaile denak.
Iparraldean zaplaztekoa hartu ostean, Hegoaldean ere ahalegindu zen Aran. Lehen partida Sopelan jokatu zuen joko berri mugikor batekin, baina han ere ez zuen arrakastarik izan, eta bere asmoak zapuzten joan ziren. Garai hartako egoera politikoak ere ez zion asko lagundu. Egin zuten lehen joko berria Arbonakoa izan zen, eta egun ez dira horrelako pilotaleku asko. Gauzak errazteko, Aranek joko berri mugikorra ere egin zuen; edozein frontoitan jartzeko balio zuen, baina, hala ere, egitasmoak ez zuen funtzionatu.
Pilotaleku mugikorra
Joko berri mugikorrak erraztasun aunitz ematen ditu, horrek ez baitu behartzen joko berri bat egitera herri bakoitzean. Ezkerreko aldea eta errebotea kamioi batean sartu, partida antolatu nahi duen herrira eraman, eta, oren eta erdian, joko berria jokatzeko prest dago bertako ezker paretako pilotalekuan.
Orain dela hamar bat urte, trinketeko eta ezker paretako pilotari onenekin torneo batzuk antolatu zituen EPB enpresak, baina egitasmoak ez zuen jarraipenik izan. Orain, ordea, Ipar Euskal Herrian berriro indartzen hasia da. Makean, esaterako, zuten ezker paretako frontoian joko berri mugikor bat sartu dute, eta, nahi denean, bi moldetara joka daiteke.
Horrelakoak ugaritzen hasi dira, baita eliteko pilotariekin torneoak ere. Hala ere, Garatek ez dio etorkizun handiegirik ikusten: «Etorkizun zaila dauka. Iparraldean, trinketik ez eta frontoia duten lekuetan, eliteko pilotariak ikusteko aukera bakarra dute, eta trinketeko lehiaketarik edo torneorik ez den astebururen batean antolatzen dituzte partidak. Baina federazioek ez badute onartzen, zaila dauka aurrera egitea», dio.
Garaten ustez, ordea, federazioena bakarrik ez da errua. «Garbi dago federazioek onartu arren, gero pilotaririk onenek ez badute jokatzen, zaila dela aurrera egitea. Trinketeko onenak gustura ari dira, baina ezker paretakoei ez zaie interes handiegirik ikusten. Gero, kontuan hartu behar da ere ezker paretako pilotariek egutegi oso betea dutela, eta zaila dutela honelako torneo handi batean parte hartzea. Nire ustez, joko berriak aurrera egiteko, urtean bi edo hiru torneo handi jokatu beharko lirateke, trinketeko eta ezker paretako pilotaririk onenekin», dio.
Indarra eta teknika
Pilotarientzat jokatzeko leku polita dela onartzen du: «Ezberdina da. Trinketeko pilotaria trinketean edo plaza librean dago ohituta, eta hau beste aukera bat da, ezberdina. Nik uste dut ezker paretakoentzat ere gauza bera litzatekeela. Trinketeko pilotari batek indarra trinketean baino gehiago erabili behar du; frontoiko batek, aldiz, teknika gehiago baliatu beharra dauka».
Moldatzerako garaian, garbi uste du trinketeko pilotari bat joko berrira ezker paretako bat baino errazago moldatuko dela. «Nik uste dut aise errazago dela trinketeko pilotari batentzat. Egia da frontisean ez duela zulorik, ez izkimotzik ere, eta eskuineko paretarik ez dagoela, baina horietara moldatzea errazagoa da, ezkerraldean dituen teilatura edo sarera moldatzea baino. Gero errebotea ere ezker paretan baino askoz ere gertuago dauka, eta errebotean ere sarea du. Dena dela, denak molda daitezke, eta, denek ahalegin bat eginez gero, urtean torneo eder batzuk ikus daitezkeelakoan nago», uste du Garatek.
Oraingoz lehen urratsa eman da, trinketeko pilotariekin, baina oraindik beste urrats asko falta dira. Horietako bat ezker paretako pilotariek aurrerapausoa ematea da. Federazioek beren baitan hartzeak ere laguntza handia emango lioke joko berriari, izan ere, orain artean jokatutako lehiaketetan ez da epaile ofizialik izan, eta antolatzaileek beraiek egin behar izan dute lan hori ere. Agian, egunen batean joko berriak ere izango du ezker paretak edo trinketak izan eta duen dirdira hori bera. Hori nahiko lukete pilota zale askok behintzat.