GARA > Idatzia > Euskal Herria

Emakunderen Berdintasun Saria Teresa Del Valle katedradunak jaso du

Epaimahaiaren iritziz, Teresa Del Valle «erreferente» da euskal mundu akademikoan berdintasunaren alorrean eta emakumeen errealitatearen ezagutzaren transmisioa egin du. Euskal Herriko Unibertsitateak proposatu zuen Teresa del Valleren hautagaitza.

p012_f01_199x116.jpg

GARA

2010eko Emakunderen Berdintasun Saria Teresa del Valle Murga ikertzaile eta EHUko Gizarte Antropologian katedradunari egokitu diote. Hala erabaki du Emakunde Sariaren epaimahaiak gehiengoz. Teresa Del Vallek GARAri adierazi zionez, «sorpresa handia izan da» saria jaso izana, gehienbat espero ez zuelako. «Asko poztu nintzen Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak jakinarazi zidanean», batez ere, Del Valleren aburuz, «oso sari garrantzitsua delako».

Emakunde Sariaren epaimahaiak goraipatu zuenez, Teresa Del Valle «erreferentea da euskal mundu akademikoan berdintasunaren alorrean eta lan handia egin du emakumeen errealitatearen ezagutzaren transmisioan, bereziki, euskal emakumeen errealitatearen transmisioan». Del Valleren maila akademikoaz gainera, epaimahaiak kontuan izan ditu gizartean duen eragina eta gizartearen hainbat sektoretatik egindako eskaerei emandako erantzuna eta laguntza ere.

Del Vallek berak telefonoz GARAri esan zionez, berak gehienbat jorratu dituen irakaskuntzako esparruetan, batez ere antropologian, ikuspegi feministak betidanik lortu izan du «oso harrera ona» unibertsitateko irakasle zein ikasleen artean.

Halaber, Emakunde Sariko epaimahaiak nabarmendu nahi izan du Teresa del Valleri emandako sariaz gain, ikerketan, ezagutzan eta irakaskuntzan lan egiten duten emakume guztiei ere egin nahi dietela omenaldia, «kontuan izanda, gainera, 2010. urtean 100 urte bete direla emakumeek aurrenekoz unibertsitatean libreki matrikulatzeko aukera izan zutenetik, ikasle izateko inolako baimen beharrik gabe», azaldu zuten ohar baten bidez.

Ibilbide oparoa

Teresa del Valle EHUko Gizarte Antropologiako katedraduna da. Mikronesia eta Euskal Herria izan ditu ikergai honelako gaietan: antropologia feminista, antropologia politikoa, errituak, aldaketa soziala eta espazio eta denbora kategoriak. Del Vallek irakaskuntza eta ikerketa uztartu ditu gizarte antropologia eta antropologia feminista gaiak nagusi izanik. Esparru biotan, bereziki espazio eta denborarekin zerikusia duten gaiak landu ditu; jabetza eta ahaidetasunari buruzkoak; etnizitatea eta errituak; sozializazio berrien eragina harreman eta egitura paritarioetan; emakume eta gizonen botereari buruzko teorizazioa.

Honez gain, Gizarte Antropologian katedradun Teresa Del Vallek hainbat liburu idatzi ditu, orotara, hamasei: 9 egile bezala, 4 editore bezala eta 3 egilekide bezala. Besteren artean, aipatu beharra dago 1985ean idatzitako «Mujer vasca. Imagen y realidad», euskal testuinguruan antropologia feministaren abiapuntutzat hartzen baita.

Tesiak zuzentzen eta lan taldeetan ikertzen ere eskarmentu handiko pertsona da Del Valle, eta une honetan bere ikerketa gaiak emakume helduak eta memoriaren etnografian oinarritzen ari da.

Ikuspegi feminista

Ikerketa alorrean egindako ibilbidearekin batera, esparru akademikotik haratago doazen eztabaida, hitzaldi, ikastaro eta komunikabideetan ere parte hartu du sarituak. Gainera, Andresaren webgunea sortu zuen 2008an Jone Miren Hernandez-ekin batera eta hainbat artikulu argitaratu zituen 2000an sortutako ANDRA «Euskal Herriko emakumeen lehen egunkarian».

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. Orain bost urte, ordea, Emakundek erabaki zuen egokiagoa izango zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere. Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an eta Lilaton taldea 2009an.

«Erreferente»

Emakunde Sariaren epaimahaiak adierazi duenez, Teresa Del Valle «erreferentea» da euskal mundu akademikoan berdintasunaren alorrean.

bosgarren saritua

Teresa Del Valle katedraduna saritu aurretik, beste lau pertsona eta elkarte saritu ditu Emakundek: Mari Jose Urruzola, Bagabiltza elkartea, Bizkaiko Emakumeen Asanblada eta Lilaton taldea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo