Top 14
Avironek eta Biarritzek ezin dituzte aukerak alferrik galdu
Zuri-gorriek Agen hartuko dute Agileran, eta Avironek, berriz, Castres jasoko du Jean Dauguerren. Bi norgehiagokak 14.30etik aurrera jokatuko dira.
Jon LEUNDA
Top 14an jardunaldi garrantzitsua izango da berriro ere Biarritzentzat, bai eta Avironentzat ere, eta garaipena ezinbestekoa izango dute final-laurdenetara sartu nahi baldin badute. Bi euskal taldeek gaur 14.30etik aurrera jokatuko dute, eta biak etxean arituko dira. Zuri-gorriek Agen hartuko dute, eta gaurkoa galdu ezinezkoa dute. Frantziarrak sailkapeneko atzealdean daude 24 punturekin. Beraz, garaipenaz gain, erasoko puntua lortzea ere garrantzitsua izango da biarriztarrentzat, azkeneko bi porrotek zazpigarren posturaino atzeratu baitituzte.
Zuri-urdinek, berriz, Castres jasoko dute. Horiek sailkapeneko bosgarren postuan daude 40 punturekin. Aviron baino hiru postu aurrerago, beraz, eta lau puntu gehiagorekin. Aurkari zuzen bat izango du gaur aurrez aurre, eta horrelako bat atzean uzteak sekulako garrantzia izango luke. Irabazita sailkapenean berdindu egingo luke, eta erasoko puntua lortuz gero, aurrea hartuko lioke.
Ohorezko Mailan, partida garrantzitsuak izango dira, Gernika eta Ordizia Liga irabazteko aukerekin baitabiltza, eta Bera Bera, berriz, mailari eusteko borrokan buru-belarri sartuta.
Bizkaia Gernikak bihar La Vila liderra hartuko du. Bizkaitarrak hirugarren daude 42 punturekin, liderrarengandik 14 puntura. Partida 12.30ean hasiko da. Oren erdi lehenago jokatuko du Ampo Ordiziak etxean Valentziaren aurka, azken sailkatuaren aurka. Bost puntuak eskuratu behar ditu talde goierritarrak amesten jarraitzeko. Bera Berak 12.30etatik aurrera El Salvador talde handiaren zelaian jokatuko du.