GARA > Idatzia > Kirolak

Bethany Hamilton, surflari «estralurtarra»

p046_f02.jpg

Surflari ernegatua

Hawaiin marrazoekin izandako gertaera ezagunena, zalantzarik gabe, Bethany Hamiltonena da. 2003ko udan, 13 urte besterik ez zituela, surf egiten ari zen Kauaiko irlan, bere etxe inguruan. Arraunean ari zela, uretan sartu berri zuen besoan hozka egin zion lau metroko tigre-marrazo batek. Lagunek eraman zuten lehorrera. Gorputzeko odolaren %60 galdu zuen, baina bizirik atera zen. Ezker besoa galdu zuen Bethanyk, baina 18 hilabete geroago, 2005ean, Hawaiiko titulu nazionala irabazi zuen eta ordutik goi mailako surflariekin dabil lehian. Egun, ASPko zirkuitua egiten du eta 2010ean emaitza bikaina lortu du, ranking orokorrean 23. postua eskuratuta.

Epaileek puntuak emateko orduak gainerako lehiakideekin bezala jokatzen dute Bethanyrekin, haren zailtasunak kontuan hartu gabe eta, hala ere, goi mailako surflaria da. Munduko olatu zailenetan aritzen da; ikusgarria da Tehaupo edo Pipelineko jaitsiera zailak nola burutzen dituen ikustea.

Hasiera batean ohikoa baino taula lodiagoa erabiltzen zuen, errazago zutitu ahal izateko, baina egun taula txikiak erabiltzen ditu. Taularen aurrealdean euskarri bat ezartzen dio zutitzea hobeto egin ahal izateko. Euskarri horrekin azpiratzea ere egin dezake. Txorakeria dirudi, baina azpiratzea beso bakarrarekin burutzea oso zaila da, olatua azpitik zeharkatzean mugimendu bortitzak jasan behar izaten baitira. Olatu batean erori ostean, taula jaso eta gainean etzate hutsa zail egiten da beso bakar bat izanda.

Bethany eredu bihurtu da zentzu ugaritan. Ikuspegi espiritual batetik ere eredu da jende askorentzat. Jainkoari eskerrak ematen dizkio elkarrizketa bat egiten dioten bakoitzean eta kristau ekimenetan parte hartzen du sarri. Gurasoek Jesusekiko fedean hezi zuten eta bost urterekin hartu omen zuen jainkoarekin harreman zuzena izateko erabakia. Berebiziko ibilbidea, fedea, arazoak, gertaerak eta abar liburu batean bildu zituen. 2004an argitaratu zuen bere berri ematen zuen «Soul surfer» liburua, baina beste liburu batzuk ere argitaratu izan ditu, tartean surflariaren biblia.

Karitate programa ugaritan parte hartzen du, arrakasta handiko web orri bat dauka eta beste hainbat gauza ere egiten ditu; denak ondo. Neskato hau «estralurtarra» da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo