Ixabel Etxeberria Irakaslea
Lurperatzen dute
Brisson jauna abertzaleekiko oso gizon idekia bihurtu da. Euskara ikasteko urratsik egin al du? EPPan Frantxoa Maitiaren txanda omen da, zergatik ez dio ba uzten tokia, egia errateko euskalduna den alderdi sozialistako ordezkariari?
Badira aldarrikapenak zaharkitzen ez direnak. Badira aldarrikapenak bideratzeko ezintasunaren aurrean jartzen gaituztenak. Badira aldarrikapenak ezintasun horren aurrean haserrea sortzen dutenak. Inoiz baino gehiago gure egin behar ditugu eta determinazioz eta aho batez lau haizetara eraman behar ditugunak, aho batez, helburua lortu arte!
Iazko urteak aitzineko urteek bezala euskararen aurkako erasoak ekarri dizkigu. Batzuk oso deigarriak izan dira eta beste batzuk ezjakintasunaren froga baizik ez dira izan. Hemen etengabe errepikatzen digute poliki doala baina euskararen berreskurapena bidean dela. Izan ere diru ematen ari dira ikastolei, kontratuak izenpetzen dituzte herrietan euskara bultzatuko dituztela, itzulpenak egiten dituzte, euskara teknikariak hartzen dituzte itzulpen horien egiteko, askotan itzulpen horiek bigarren mailan kokatzen dituzte baina arduradunak beren buruaz pozik izaten dira indar handiak egiten baitituzte. Gogoan atxiki behar da Brisson jaunak erran ziguna, alegia euskaldunak gutxiengoak ginela. Alegia egiten zenarekin eski zabalak zirela.
Ez da garai honetan Brisson jaunaren kritikatzeko politikoki korrektoa abertzaleekiko oso gizon idekia bihurtu baita. Harrigarria! Ematen du ipar Euskal Herriko eskuina aldatzen ari dela, ondoko hilabeteetan hauteskundeak ez balira sinetsiko genituzke, hain xuxen interes politiko eta maltzurra ez balira jauntto honek egiten dituen urrats guztien artean. Horien artean euskara ikasteko urratsik egin al du? Alta, EEParen lidergoa ez du uzten, alta Frantxoa Maitiaren txanda omen da, zergatik ez dio ba uzten tokia, egia errateko euskalduna den alderdi sozialistako ordezkariari? Ez dut noski hemen alderdi sozialista defendituko, baina badira interes batzuk erdian, hautetsi batzuen interes pribatu eta politikoak babesten dituztenak! Ez digute dena erraten!
Orduan, momentuan heldu den dirutza horren ondotik, hau guztia liseritu eta gero, zer gertatuko al da? Frantses Hezkunde Nazionalaren aurrekontua txikitzen ari da, postuak murrizten ari dira, ikastolei bultzada estatutik emanen diote? Etengabe errepikatzen diguten euskararen berreskurapena herrietan euskararen indarra azkartuko al du? AEKk diru publikoarekin aski izanen du bere langilegoa ordaintzeko eta helduen euskalduntzeko lana azkartzeko? Euskal irratiak, prentsa idatzia lagunduak izanen al dira? Galdera asko daude, aspalditik egiten ditugunak eta zoritxarrez galdera egiterakoan erantzuna ere izaten dugu.
Iaz, Xarles Videgain euskaltzain izendatu zuten. Euskaltzain izendatzearen ondotik elkarrizketa eskaini zuen eta argiki euskararekiko benetako grina duten orok pentsatzen dutena erran zuen. Ozenki euskararen ofizialtasuna aldarrikatu zuen. Hau doa alderdikerien gainetik, horrek interes komuna defenditzen du. Badakigu, ofizialtasunak ez dituela arazo guztiak konpontzen, hegoaldeko adituek azaltzen diguten bezala, hizkuntzak parametro asko behar ditu osasuntsu bizitzeko. Haatik, ofizialtasunik gabe ate handienak hesten dira. Gure hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzen ez dutelarik euskara lurperatzen ari dira. Irriñoarekin eta diru zama bat mahai gainean uzten dutelarik.