GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Begoñe Agirre Pereda eta Arantza Urkaregi Bizkaiko ezker abertzaleko batzarkide-taldearen izenean

Bizkaiko aurrekontuak: jasanezinak herritarrontzat

Bizkaiko Foru Aldundia kudeatzen duen EAJrentzat eta bere laguntzaile PSErentzat, gizarte-zerbitzu publikoak «garestiegiak» dira. Ez, ordea, behar ez ditugun hainbat eta hainbat azpiegitura erraldoi

Berriro ere, joan den astean, EAJ eta PSEren arteko akordioari esker, onartu egin dira 2011ko Bizkaiko Aurrekontuak. Bi indar politiko hauek, itxurazko enfrentamendua irudikatu arren, beti ados jartzen dira bizkaitar guztion dirua gutxi batzuen interesen arabera erabiltzeko. Hori bai, hain garrantzi handia duen aurrekontuen eztabaidari uko eginez, bizkaitarrok ez ezagutzeko benetan nola erabiltzen duten gure dirua.

Ikasturtearen hasieran izandako Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak gizarte-zerbitzuen iraunkortasuna jarri zuen kolokan. Beraren ustez, gizarte-zerbitzuak mantentzeko dirurik ez dago. Baina ez daukate inolako lotsarik, eta 2011ko Aurrekontuetan 65 milioi jarri dituzte Artxandako Tunelak erreskatatzeko. Egin behar ez zen azpiegitura bat enpresa baten eskuetan utzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, eta errentagarria ez denean, Aldundiak dirua jartzen du tunelen kudeaketa zuzena egiteko. EAJk zuzentzen duen politika horrelakoa da: azpiegiturak nonahi eta arlo guztietan azpikontratazioa nagusi. Baina zerbitzuak ematen dituzten enpresek etekinak lortzen ez dituztenean, hor dago diru publikoa, guztion dirua, enpresarien mesedetara erabiltzeko.

Artxandako Tunelekin gertatu dena berriro errepikatuko da laster inauguratuko den Hegoaldeko Sahiesbidearekin. Kasu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak ordaindu du, eta ez gutxi: mila milioi euro. Eta diru hori guztia bidesarien bidez berreskuratu nahi du Foru Aldundiak! Badakite ezinezkoa dela, baina horretan ez dute ikusten iraunkortasun-arazorik. Bitartean, diru-mordo horri lotutako zorra ordaintzeko hipotekatu gaituzte datozen 10-20 urteotan.

Eta zer esan Bizkaiko errepide-sare berriaz? 1.200 milioi euro inbertitu nahi dituzte Bizkaia osoa zulatzeko. Errepide horiek enpresa pribatuek egin eta ustiatuko dituzte, baina Foru Aldundiak urtero ordainduko die erabilpen-mailaren araberako diru-kopuru bat. Berriro, enpresa pribatuek bermatuta izango dute diru publikoa.

Azpiegitura horiek guztiak mantentzea da jasanezina, ez gizarte-zerbitzuak mantentzea. Bizkaiko agintariek diote azpiegiturak egin behar direla ekonomia suspertzeko. Gezurti hutsak dira! Inbertsio horiek balio dute porlan-enpresek kristoren dirutza lortzeko, ez enplegu duinak sortzeko, ezta Bizkaiko eskualdeek behar duten garapen sozioekonomiko orekatua bultzatzeko.

Askotan esan dugu enplegua sortzeko biderik emankorrena gizarte-zerbitzuen sare publikoan inbertitzea dela. Era horretan, herritarron gizarte-beharrei erantzungo diegu eta gizarte-zerbitzu horiek guztiek aurrera eramateko enpleguak sortuko ditugu, enplegu iraunkorrak eta baldintza duinetan. Baina horrek eskatzen du Bizkaiko Foru Aldundiak duen kudeaketa-sistema hankaz gora jartzea. Aspaldidanik, Gizartekintzako zerbitzuak azpikontratatu ditu Aldundiak, egoitzetan ematen diren zerbitzuak enpresa pribatuek ematen dituzte, ez Foru Aldundiko langileek. Eta azken garaian, egoitzen eraikuntza bera azpikontratatuta dago. Horrela, zerbitzuak «merkeagoak» omen dira, baina kaltetuak nortzuk diren argi dago: enpresa horietako langileak (orain dela gutxi greban egon direnak), lan-baldintza okerretan lan egitera behartuak baitira, eta zerbitzua jasotzen duten herritarrak, zerbitzuen kalitatea gutxitzen baita.

Baina Bizkaiko Foru Aldundia kudeatzen duen EAJrentzat eta bere laguntzaile PSErentzat, gizarte-zerbitzu publikoak «garestiegiak» dira. Ez, ordea, behar ez ditugun hainbat eta hainbat azpiegitura erraldoi.

Nahikoa dela esateko garaia da. Legegintzaldia amaitzear dago eta ezinbestekoa dugu Bizkaia eta bizkaitarrontzako bestelako politikak bultzatzea, bizkaitar guztion zerbitzura egongo direnak, Bizkaiko eskualdeen garapen ekonomiko eta soziala bultzatuko dituztenak. Bestelako Bizkaia behar dugu eta horren alde gabiltza lanean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo