Munillak kargua hartu eta urtebete igaro denean, jasotako babesa eskertu du
GARA
Donostiako Elizbarrutiko gotzain kargua hartu zuenetik urtebete igaro da, eta Jose Ignacio Munillak hamabi hilabete horietan jaso duen babesa eskertu nahi izan zien guztiei, baina, batez ere, bere aukeraketa «ezegokitzat» hartu zutenak eta «beren gotzain berriarenganako komunioarekiko leialtasunez lan egiteko ahalegin serio bat egin duten guztiak» bereziki eskertu zituen. Gaineratu zuenez, «denborak eta lekuak aurrean jartzen dizkigun erronkei erantzutea bideratuko duen lanean elkarrekin jarraituko dugu».
Honako adierazpenak Donostiako Artzain Onaren katedralean egin zituen Munillak atzo, Jaunaren Bataioaren egunaren harira izandako homilian. Bide batez, «beste gipuzkoar guztiei, eta bereziki instituzioei, gure kooperazio eta lankidetzan dagoen giro ona» eskertzeko ere aprobetxatu zuen une hori Donostiako gotzainak.
Eskerrak emateaz gainera, Jose Ignacio Munillak bestelako eskakizunak ere egin zituen atzoko homilian. Donostiako gotzainak «bakearen erronkak» kezkatu egiten duela eta «ETA behin betiko desegiteko nahia» agertu zuen. «Adiskidetzearen eta indarkeriak eragindako hainbeste zauriren sendatzeko unea irrikatzen dugu». Munillak «ebanjelioaren argia» ezinbesteko tresna dela esan zuen «herrian bakea lortu eta adiskidetasuna zabaltzeko».
Indarkeria matxistaren kezka
Bestalde, emakumeen kontrako indarkeriak kezkatu egiten duela adierazi zuen Donostiako gotzainak, «desagertu beharrean, zabaltzen ari delako». «Umiltasuna, pazientzia, errespetua eta kastitatea bultzatzen jarraituko dugu, emakumearen eta gizonaren arteko harremana animaliena bezalakoa ez izateko».