GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Etaio, Amaia Arruti eta Irati Migeltorena 2010eko Askapeneko brigadako kideak

Venezuelako Unibertsitate Indigenako irakaspenak

Urteekin finkatuz doa unibertsitatea, eta jatorrizko herriak nola antola daitezkeen eta hezkuntza propioa nola gestiona dezaketen erreferente bilakatu da. Komunitateek beren nortasun eta kulturari eusteko buruzagien heziketaren garrantzia nabarmentzen du.

Abya Yalako-Latinoamerikako hainbat estaturen independentziaren 200. urteurrenean (teorian bada ere, izan ere kontinenteko herriak oraindik ere borrokan ari dira bigarren eta behin betiko independentzia baten alde), jatorrizko herriak beren kulturari eta nortasunari eusteko etengabeko borrokan ari dira, kapitalismoaren «modernitateak» inposatutako akulturazioari aurre eginez, eta era berean zenbait tresna berri (Internet kasu) beren beharrei egokituz.

Venezuelako Errepublika Bolivartarrean 2010eko udan egon garen Askapeneko brigadakideok garatze bidean dagoen iniziatiba berritzaile hau ikusteko aukera izan dugu. Zenbait egunetan Venezuelako Unibertsitate Indigenako (Universidad Indígena de Venezuela, UIV) ekintzetan parte hartzeko beta izan dugu, pume, jibi, e'ñepa, warao, piaroa eta beste hainbat jatorrizko herrietako kideekin biziz.

Venezuelako Unibertsitate Indigena 2001ean sortu zen, Causa Amerindia Kiwxik bultzatuta. Unibertsitatea Bolivar Estatuko sabanan dago eta hainbat ikasketa-gunez osatuta dago (Internet sarea duen informatika gunea barne), baita ikasleak eta irakasleak bizi diren zenbait herrixkez ere. Bertan, era askotariko ekintzak gauzatzen dituzte: basogintza, zurgintza, artisautza, kultur erakustaldiak, arrain-hazkuntza...

Unibertsitatearen jomuga komunitateetako kideen heziketa eta prestakuntza da, etorkizunean euren komunitatean lider lanak gauzatzeko gaitasunak izan ditzaten. Hori xede izanik, prestakuntzak hiru ardatz nagusi ditu: kultura (herrien historia, mundu-ikuskera eta espiritualtasun indigena, hizkuntza, sormen eta adierazpide artistikoa...), kontzientziazioa (estatu eta politika nozioak, ekologia, ekonomia, baliabide naturalak...) eta ekoizpena (nekazaritza, erle-hazkuntza, arrain-hazkuntza, bufalo hazkuntza...). Ezagutza teorikoaz harago, irakaskuntza alderdi praktikoan oinarrituta dago batik bat. Irakaspena sei seihilekoz osatuta dago, amaierako tesiaren (urtebete ingurukoa) ezarpenarekin euren komunitaterako hobekuntzaren bat erdietsi behar dutelarik.

Heziketa jasotzera hurbiltzen diren kide horiek beren komunitatean aukeratuak izaten dira, eta nagusiki Apure, Bolivar eta Amazonas estatuetan dute jatorria; sarritan urrutiko herrixketakoak izaten dira, eta zenbait egunetako joan-etorriko bidaia egin behar izaten dute oinez edo kanoan. Aurtengo ikasturtean 75 ikaslek izena eman dute Unibertsitatean, horietatik zazpi emakumeak. Hasieran gizonezkoez soilik zegoen osatuta, baina ahaleginean ari dira pixkanaka emakumeen parte-hartzea handitu dadin. Neskak 17 urterekin has daitezke Unibertsitatean (gizonezkoek 18 izan behar dituzte sarrerarako).

2010eko maiatzean Gobernu bolivartarrak UIV ofizialki onartzea lortu zen. Horrek finantziazioa bermatuko du; aitzitik, ez du aldatuko Unibertsitatearen funtzionamendu autonomoa, komunitateetako kideek kudeatua izaten jarraituko du. UIVren onarpena berantiarra izan bada ere, agerian jartzen du Gobernuaren jatorrizko herrien aldeko jarrera, kontraesanek hor badiraute ere: jatorrizko herrien eskubideen legearen ezarpen eskasa, eta eskubideen aldarrikapenak egiten dituzten herrien eta latifundista, kolono eta eskuin endogenoaren edo «boliburgesiaren» (Gobernu bolivartarraren botere egituretan dauden oportunistak, ez dutenak herriaren ongizaterako lan egiten, baizik eta euren interes propioetarako) arteko norgehiagoka.

Horren adibidea izango litzateke Sabino Romero yukpa kazikearen (komunitatearen buruzagia) espetxeratzea, Zuliako estatuan lurralde aldarrikapen liskar baten ondorioz. Beraz, anitz dago egiteko, aurrerapenak nabariak izan diren arren. Jibi gazte batek adierazi zigun moduan, aurretiaz ez zuten inongo gobernuren onarpenik jaso, eta gaur egun, Konstituzio bolivartarrean jatorrizko herriak jasota egonda, euren eskubideak aitortuak izaten hasi dira.

UIV urteekin finkatzen doan esperientzia da, jatorrizko herriak nola antola daitezkeen eta beren hezkuntza propioa nola gestiona dezaketen erakusten duen erreferente bilakatuz eta komunitateen nortasuna eta kultura mantentzeko buruzagien prestakuntza nabarmenduz. «Irakasle-laguntzaile ibiltari» lanetan igaro dugun epe laburretan, merkantilismo akulturatzailearen presioaren eta espainiar eta frantses estatuen etengabeko asimilazio saiakeraren ondorioz, Euskal Herrian mendeekin galtzen joan diren zenbait alderdi agerian geratu zaizkigu. Xumetasunetik, gorde beharreko ezinbesteko hiru elementu erakutsi dizkigute. Batetik, nork bere historiaren jakintzari eta kultura eta hizkuntzari eutsi beharra. Bestetik, komunitateari ematen dioten garrantzia, ardatz nagusia kolektibitatea izanik, hortik at norbanakoa kulturalki deuseztatu, eta despertsonalizazio eta kontsumitzaile hutsa izatea bultzatzen duen enajenazio kapitalistari aurre egiteko erreferentziarik gabe geratzen da. Azkenik, jatorrizko herriek, naturarekin bat eta bereizi ezinik bizi direla jakitun, gaur-gaurko errealitate bortitz bat agerian jartzen digute: naturaren suntsiketa, Ama Lurraren txikizioa, neurri gabeko kontsumismoaren eta ustezko modernitatearen mende.

Hiru osagai hauek gure prestakuntzari gaineratzearen beharraz kontziente izatea nahitaezkoa da gure herria ukatzen duten elementuen (barnekoak eta kanpokoak) aurkako borrokan irauteko. Era praktikoan hau gogoraraztea izan da herri hauek egin diguten ekarpen solidarioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo