GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurore Martin «beren etxeetan» dutela jakinarazi dute 80 eragilek

Abenduaren 17z geroztik ezkutuan bizi den Aurore Martin «beren etxeetan gordetzen» dutela adierazi zuten atzo, Baionan, hogei bat eragile eta hautetsik. Batasuneko militantea aterpetzea «delitu» dela jakitun izan arren, ondorioak «beren gain hartzeko» prest azaldu ziren. Dei irmoa egin zioten Parisi Martinen kontrako euroagindua bertan behera uzteko, eta «bereziki ETAk armak uzteko asmoa» iragarri duen unean «gatazkaren konponketan parte hartzeko» ere bai.

p013_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Aurore Martin, abenduaren 17z geroztik, gure etxeetan bizi da eta behar bezain luzaz babesten segituko dugu». Horratx, laburrean, hogei bat eragilek -gehienak hautetsiak- atzo Baionan adierazi zutena.

Batasuneko militantea aterpetzea legez kontrakoa dela jakitun dira. «Arras ongi dakigu Aurore aterbetzea delitu dela, eta asumitzen dugu. Hori dela-eta izan daitezkeen ondorio judizialak ere asumituko ditugu», jakinarazi zuten Battitta Amestoi Uztaritzeko zinegotziak eta Peio Etxeberri Aintxart Donibane Lohizunekoak.

Bertan bildutakoen eta agiria izenpetu dutenen beste hirurogei hautetsi eta eragile politiko eta sozialen izenean mintzatu ziren biak. Gainera, «zerrenda egunez egun atxikimendu berriekin luzatzen» doala ere esan zuten.

Epaitegien behin betiko erabakia kaleratu aitzin egin zuten azken agerraldia. Orduz geroztik, ordea, «gauzak aldatu» egin direla eta desobedientzia jarrera harturik, «mezu eta eskaeretatik harago joatea» deliberatu dute. Gizarteari, eta batez ere ordezkari politiko eta sozialei, beste horrenbeste egin dezatela eskatu zioten atzokoan.

Haserre oihua

«Gurea haserre oihua da. Kexu gira Frantziaren portaera honekin. Ez dugu ulertzen nolatan Espainia herrialde demokratikotzat jo eta Aurore hango justiziaren eskuetan uzteko asmoa duen», nabarmendu zuen irmotasunez Amestoik, euren egitekoa, «herritar eta hautetsi gisa Aurore laguntzea eta injustizia hori salatzea» dela adieraziz.

Hari beretik, Etxeberri-Aintxartek ohartarazi zuen mauletarra «ekinbide politiko publikoa» garatzeagatik, hots, «guk egunero egiten dugunagatik entregatu eta zigortu» nahi dutela.

«Aferaren larritasunaren» adierazletzat jo zituen Ipar Euskal Herriko joera politiko guztietatik agertu diren aurkako iritziak.

Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta Paueko Kontseiluko kideak «bai juridikoki, bai politikoki, erabaki oso-oso larria» dela esan zuen. Euroagindua «delitu larriak egin dituzten gaizkileei zuzendutako neurria omen zela esan zuten ezartzerakoan, baina argi geratu da oinarrizko eskubide demokratikoen kontra erabiltzen dutela» gaineratu zuen.

Politikoki ere jokaera «jasanezina» da Iriarten iritziz, are eta gehiago «une honetan, gatazkaren eragile nagusi batek, ETAk, armak uzteko asmoa iragarri duenean».

Bi aldeko bortizkeria gelditu

Europe Ecologie taldeko Akitaniako kontseilari Alice Leiciagueçaharrek ere jokamoldea «ahalkegarria» dela zeritzon: «ETAren agiriak itxaropen berria sortu du euskaldunon bihotzetan. Bakea erdiesteko bi aldeen bortizkeriak gelditu behar dira. Horregatik Parisi ere atxilotzeak eta euroaginduak bertan behera uzteko eskatzen diogu, eta hortaz, Aurore ez Espainiaratzeko. Soilik gisa honetara mintzatu ahalko gira bake-prozesu demokratiko batez».

Sinatzaileen agiriak aipatzen du, halaber, «beren kezka» une zehatz honetan Parisek egindako urratsarengatik: «Frantses gobernamenduari bere jarrera alda dezala eskatzen diogu. Parisek, Madrilek bezala, gatazkaren konponketan parte hartu behar du».

Euroaginduaren aplikazioa eta horren ondorioak «eskubide zibil eta politikoen aurkakoak» direla nabarmenduta, Aurore Martin «Espainiaren esku uztea» ez dutela onartzen, eta «erabaki ez-bidezko honen aitzinean, elkartasunezko jarrera» beharrezkoa dela berresten dute adierazpenean.

ATERpETU

Anai Arteko ordezkari Mixel Mendibourek nabarmendu zuen «Euskal Herrian betidanik aterbetu direla militante politikoak» eta 1986an euskal errefuxiatuak babesteko «Iheslari bat Etxe bat» kanpainak izandako arrakasta gogora ekarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo