GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Andres Osa «Sakona» Filosofian lizentziaduna

Autoritarismoaren ahulezia

Demokratikoki arazoak konpontzeko gaitasunik ez duenak indarra erabili behar izaten du. Horri autoritarismoa esaten zaio, ez autoritatea

Gobernu espainolak aski denbora izan du kontrolatzaileen arazoa konpontzeko. Ez du egin. Abenduaren 4an plazaratu zuen dekretu bat kontrolatzaileen aurka zuzen jotzen zuena. Zergatik jaiegun horien bezperan? Gobernuak ongi baino hobeto zekien kontrolatzaileen asmoa zein zen, zer zetorren eta ura bere errotara eramateko baliatu nahi zuen.

Bezperan, luzaroko langabezia dutenentzako 426 euroko laguntza ezerezean laga zuen. Burtsak sekulako astindua. Merkatua desoreka larrian nora ezean, iparra galduta. Inkestek PP ri 19 puntu goitik ematen zioten. Gobernua sinesgarritasun arrastorik gabe, kanpoan berdin etxean. Ahulezia agerian. Zurrunbilo horretan buruhauste bakarra: hauteskundeak gainean eta nola botoen ihesari presa ipini, nola burua altxatu. Horrelako kasuetan diktadura gehienek egiten dutena zera da, kanpoan nahiz barruan etsaiak aurkitu edo sortu sendagai bakarra erabiliz, indarkeria.

Kontrolatzaileek aukera paregabea eman zioten Gobernuari zeharo galdua zuen sinesgarritasuna pittin bat berreskuratzeko. «Hau primeran datorkigu», ihes egin zion alderdiko norbaiti. Horretarako aireportuetan bildutako jendearen haserrea lau haizetara zabaldu beharra, albistegiak ikustea higuingarri bihurtzeraino. Kontrolatzaileen aurka direnak eta ez direnak esanaz, urkamendira eta sugarretara kondenatuak izan ziren. Gobernuari nahi zuena egin zezan txeke zuria eman zitzaion.

Aireportuetan milioi erdi bat orroka, haserre bizian, oporrak galtzeko beldurrez. Gehiengoa, berriz, milioiak eta milioiak, euren herrian irten gabe gelditu behar, bidaiatzeko gogoa izan arren. «Hemen gaudenetatik ia gehienok pribilegiatuak gara, langileen borroka bost axola», irrati batean jasotako gazte baten adierazpena da. Bitartean, Gobernua kontrolatzaileen hanka-sartzea baliatu eta puntuak irabazi nahian, direnak eta ez direnak esan eta egiten demagogo profesionalen gisan. Horretan Rubalcaba iaioa da. Gezurra eta egia komenientzien arabera erabiltzen duen gizakia, seriotasun itxura ongi plazaratzen duen abere politikoa da. Ikusi besterik ez, zenbat ur zikin, odoltsu eta nahasietatik bitsetan gora irten den.

Alarma egoera ezarri zuen. Orain luzapena prebentzio gisan. Euskaldunok ongi baino hobeto dakigu prebentzio gisan jokatzea zer den, etengabe horixe erabili baitute gure herrian.

Demokratikoki arazoak konpontzeko gaitasunik ez duenak indarra erabili behar izaten du. Horri autoritarismoa esaten zaio, ez autoritatea. Hau klasikoen arautegian jakituriaz jantzitakoek, portaera oneko agintariek, norberak irabazitako prestigioaren jabeek izaten zuten. Ba, autoritatea ez duenak autoritarismoari ematen dio txanda. Aspalditxoan hori ari gara ikusten. Bitartean, albistegietan, tertulietan -ai, Maria Antonia Iglesias, adin horretan erridikulurik etzazu egin!-, editorialetan eta abarretan kontrolatzaileen aurka isiltzeke gehiegizko jardunean dihardute. Gobernua salbatzaile gisan merituak irabazten edo irabazi nahirik ari da. Dituen arazo larriak konpondu ezin eta estali nahian astero distrakziorako izozkailuan gordeta duen arazoren bat edo asmakeriaren bat plazaratzen du. Biharkoa zer izango da?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo