Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Negoziazioak
Zer ari ote dira negoziatzen horrenbeste egunetan eta horren berandu arte, orduan? Zeren truke ari dira langileak saltzen? Finantziazioa goxokia da, baina ez dut uste hain sinplea denikOngizate estatuaren sorrera ez zen negoziazioaren emaitza izan. Publikotasunarekin lotzen ditugun zerbitzu publiko eta sozialak, hezkuntza, osasuna, pentsioak... ez ziren langile eta herri sektoreei emandako opari desinteresatua. Joan den mendeko borroka latzek ekarri zituzten lorpen horiek. Borrokak indar korrelazioa langileon aldera ekarri eta gerora zabaldu ahal izan genion negoziazioari tarte bat.
Hala ere, egoera duela hainbat urtetatik hona zeharo aldatu da. Kapitalaren eta lanaren arteko gatazkan, lehenak berreskuratu du indar gehien. Bigarrenak, indarrik gabe, zerekin egingo presioa? Presiorik gabe, prestazioak eman behar dira kontraprestaziorik jaso gabe. Hori ez da negoziatzea, hori borroka barik galtzea da. Lehen pausoa, beraz, borrokatzea eta indarrak biltzea izan beharko litzateke. Eta batzuk Euskal Herrian ataka horretan gaudela, espainiar sindikatuek kontrako bidea jorratzen dute.
Ez dute indarrik berreskuratu nahi, ez diete presiobideei tarterik zabaldu nahi eta balizko negoziazio baten izenean, gure eskubideak oparitzeari ekin diote.
CCOO eta UGT langileriaren indarra are gehiago makaltzen ari da. Eta horrek faktura pasatzen du. Zer borroka piztu ahal da Gobernuaren kontra, Gobernuaren lagun min izaten jarraitu nahi duzun bitartean? Sinesgarritasuna ez da mediatikoki lortzen, are gutxiago sekula hartuko ez diren neurriekin mehatxu eginez.
Toxori Antena3en entzun, eta erreforma banketxeentzako erregalua dela argi du, pentsioak %20-25 jaitsiko direla argi du, sistema ez dagoela arriskuan argi du... Zer ari ote dira negoziatzen horrenbeste egunetan eta horren berandu arte, orduan? Zeren truke ari dira langileak saltzen? Finantziazioa goxokia da, baina ez dut uste hain sinplea denik.
Itun zabal bat nahi omen dute orain. Lan erreformaren aplikazioa goxatu nahi omen dute, baina hori bere garaian «negoziatu» zuten eta ederra sartu ziguten. Negoziazio kolektiboa paketean sartu nahi omen dute, eta neure buruari galdetzen diot ez ote den etorriko Gobernuaren eta oposizioaren estatu eredu berriari laguntzeko. Erantzuna: eredu politiko eta administratibo zentralizatu bati lan harreman eredu zentralizatuak lagundu behar.
Pentsioen aferari dagokionez, 67 urteen inguruan zentratu dute gatazka. Interes bakarra dute, alegia, hurrengo egunean prentsaurrekoan euren negoziazioek emaitza izan dutela, dena konponduta dagoela bota ahal izatea. Agian, paperean, behintzat, aukerako neurri moduan utziko digute 65 edo 67 urterekin erretiratzea... hala ere, martxan ipiniko dituzten beste neurri guztiak aplikaturik, 65ekin zein 67rekin ezinezkoa izango zaigu bizirauteko besteko pentsioarekin erretiratzea. Altxa dezala eskua 70 urte bete baino lehen 41 urte kotizatu ahal izango dituena; ikasten, lanaldi partzialaz eta langabezian emandako denbora kontuan hartu behar da, jakina. 80 urte bete ondoren, hobe ez erretiratzea, berdin da. Langileok behartuta gaude lanean irautera, baina galdetu beharko zaie enpresariei ea zerk behartzen dituen adin horretako langile bat plantillan edukitzera...
Horixe da Estatu espainolak eskaintzen diguna. Alde egitea hil ala biziko kontua bihurtzen ari da.