GARA > Idatzia > Ekonomia

Baztan-Bidasoa eskualdearen aldeko mobilizazioa deitu dute ELAk, LABek eta EHNEk

ELAk, LABek eta EHNEk Baztan-Bidasoa eskualdearen etorkizunaren aldeko manifestazioa deitu dute Elizondon datorren urtarrilaren 22rako, eskualdeak «langabeziaren espiraletik atera behar duelako».
p031_f01_097x140.jpg

GARA | ELIZONDO

Baztan-Bidasoa eskualdearen etorkizunaren aldeko manifestazioa deitu dute ELA, LAB eta EHNE sindikatuek datorren urtarrilaren 22rako. Mobilizazioa Elizondon izango da, 12.00etan. Sindikatuen eledunek atzo Elizondon adierazi zutenez, Baztan inguruak «langabeziaren espiraletik» atera behar du, bestela, «bizitza nahiz lanik gabe, paraje bukoliko bat» baino ez delako izango. Gaineratu zutenez, Baztan-Bidasoaren etorkizuna ez zaiola inporta erakutsi du Nafarroako Gobernuak.

Sindikalistek azaldu zutenez, gaur egun «1.140 pertsona daude zerrendatuak Doneztebeko INEMen, orain urtebete baino %8,3 gehiago». Bi urtean eskualdeko langabezia tasa bikoiztu egin da, kontuan eduki gabe aldi baterako enplegu-erregulazioen (ERE) eraginpean dauden 2.000 langile inguru.

Izan ere, langileak ari dira «kalte-ordain guztiak ordaintzen», salatu zuten. Gogorarazi zuten, ordea, eskualdean enpleguaren defentsan hainbat mobilizazio egin dituztela krisia hasiz geroztik. Halaber, Euskal Herri osoan izandako bi greba orokorrek jarraipen handia izan zutela esan zuten.

Sindikatuen hitzetan, politika neoliberalei esker nahi duena egiteko aukera izan duen «finantza sektorearen diru goseak» eragin du krisi hau, baina Administrazioak eta enpresariek «askoz gehiago egin zezaketen» krisiaren ondorioak gelditzeko.

Gobernua, enpresen adarra

«Susmagarria da hagitz Nafarroan aurkezten diren ERE-en %98 onartzea Nafarroako Gobernuak, akordio sindikala izan edo ez», nabarmendu zuten.

Enpresen jarrera ere nabarmendu zuten, hau da, hamalau urtez dirutza irabazi ondoren, langileak inolako arazorik gabe kaleratzen ari direla gaitzetsiz. Eta kritika horrek Nafarroako Gobernuari ere eragiten dio, «praktikan enpresen administrazio kontseiluen bertze adar bat delako, eta ez duelako inolako arazorik izaten kaleratze kolektiboak sinatzeko».

Hala nola, Funvera, Savera eta berriki izan den Marmoles del Baztan enpresen auziak aipatu zituzten. Hala ere, langileen murrizketa guztiak ez dira EREen bidez egiten, esan zutenez, eta beste hainbat modu ez dira albistegietan agertzen. «Adibidez, zenbat langile hasi ziren hain fama handia hartu zuen Elgorriagako balnearioan eta zenbat daude orain?», galdetu zuten.

Nekazaritza sektoreak duen krisi larriaz ere hitz egin zuten ELA, LAB eta EHNEk, Baztan-Bidasoa eskualdearen egoera azaltzeko: «Lehengaien espekulazioak eta ekoizteko betebehar zorrotzek ekoizpen kostua goratu du, nekazariak bere prezioak paratzeko boterea erabat galdu du, eta kontrolik gabe inportaturiko produktuekin eta auskalo nola ekoitzirikoekin lehiatu behar du merkatuan». Sindikatuen arabera, Europako Nekazaritza Politika ez da hemengo gisako mendialdeko baserrien babesle, enpresa multinazionalen eta esportaziorako ekoizle handien laguntzaile baizik.

Nafarroako Gobernuari dagokionez, «zementuan bota ditu edo lagunen artean banatu ditu sosak, nekazaritzaren izenean», salatu zuten. Horrek guztiak Baztan-Bidasoa eskualdean lanpostuen galera, herrien hustea eta «herri batentzat hain garrantzitsua den elikagai burujabetzaren galera ekarri du».

Azkenik, lan erreformaren aurkako jarrera nabarmendu zuten: «Egoera honen aitzinean, eta sektore finantzarioari milaka milioi euro eman ondotik, ez dira konformatzen, eta inoiz ikusi gabeko lapurreta egin nahi diete pentsiodunei».

Erreformak azalpen bakarra daukala azaldu zuten: «Banketxeen interesa pentsio plan pribatuetan». Hain zuzen, sindikatu hauek erreformaren aurkako greba orokorra deitu dute datorren urtarrilaren 27rako.

bizitzarik gabe

Bi urtean eskualdeko langabezia tasa bikoiztu egin da. Baztan-Bidasoa eskualdea «bizitza nahiz lanik gabeko paraje bukoliko» bihurtuko du horrek, eta Nafarroako Gobernuari «ez zaio axola», salatu dute sindikatuek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo