GARA > Idatzia > Kultura

Zinema Euskaraz-ek «Jainkoez eta gizakiez» filmarekin abiatuko du 2011ko egitaraua

GARA | DONOSTIA

Lakuako Gobernuko Kultura Sailak bultzatutako Zinema Euskaraz programak «Jainkoez eta gizakiez» («Des hommes et des dieux») film frantsesarekin abiaraziko du 2011ko egitaraua. Canneseko azken zinemaldian epaimahairen sari nagusia eta Estatu frantsesa datorren Oscar sarietan ordezkatzeko hautatutako «Jainkoez eta gizakiez» («Des hommes et des dieux») lanak, 90eko hamarkadan Magrebeko mendietan, biztanleria musulmanarekin orekan bizi diren zortzi moje zistertarren istorioa kontatzen du.

Fundamentalista islamikoen talde batek atzerriko langile batzuk hil ditu, eta izua eskualde osoan zabaldu da. Armadak babesa eskaini die monjei, baina haiek uko egin diote. Zer egin beharko lukete? Joan? Geratu? Mehatxua gero eta handiagoa izan arren, gero eta garbiago dute ez dutela aukerarik, geratu egin behar dutela, gertatzen dena gertatzen dela.

«Jainkoez eta gizakiez» («Des hommes et des dieux») bihartik aurrera eta hilaren 21era arte izango da ikusgai Gasteizko Guridi zinemetan, Donostiako Antiguo Berrin eta Bilboko Alondegiko Golem aretoetan.

Horrez gain, Lakuak jakinarazi zuenez, laster salgai jarriko dira beste bi DVD euskaraz, «El Equipo A» eta «Marmaduke». Elkar dendetan eta azalera handietan egongo dira salgai 12,95 euroren truke, «Horton» eta «Ice Age 3» aurreko DVDak bezala.

Lakuako Gobernuko Kultura Sailak Zinema Euskaraz egitasmoa abiarazi du, hiritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera erraztu, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko aukera bultzatu, eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz, atzo ohar baten bitartez adierazi zutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo