Kimuak-eko bi film labur Europako bi zinemalditan lehiatzeko hautatu dituzte
GARA | DONOSTIA
Europako zinema jaialdi garrantzitsuenetako bik Kimuak katalogoko film laburrak izango dituzte beren programazioetan. Esaterako, Clermont-Ferrandeko zinemaldian, film laburren munduko jaialdi garrantzitsuenean, Kote Camacho gipuzkoarrak zuzendutako eta Donostiako Txintxua Films enpresak ekoitzitako «La gran carrera» film laburra lehiatuko da. Film labur horrek arrakasta handia izan du, besteak beste, Gijoneko zinemaldian, eta film labur onenaren saria jaso du Soriakoan.
«La gran carrera», Clermont-Ferrandeko jaialdian parte hartzen duen Kimuak katalogoko bosgarren lana da. Filma Lasarteko hipodromoan dago girotua, 1914. urtean eta artxiboko irudiak eta film laburrerako espresuki grabatu diren irudiak tartekatzen ditu. Horrez gain, lan handia du animazio digitalean.
Bestalde, urtarrilaren 26tik otsailaren 6ra egingo den Rotterdameko zinemaldiak «Ámár» film laburra hautatu du.
Isabel Herguera donostiarrak zuzendu eta ekoitzi du. Film labur hori, besteak beste, Animadrid eta Alcala de Henaresko zinemaldi garrantzitsuetan saritu dute eta, guztira, sei garaikur jaso ditu.
Indiako hiri batean kokatutako animazioa da. Protagonista hiri horretara doa, psikiatrikoan duen lagun bat bisitatzera. Lana animaziozko teknika tradizionalarekin egina dago eta Xabier Erkizia musikariak egindako soinu banda du.
Nazioartean sarituak
Hautapen horiez gain, Kimuak katalogoaren barnean dauden beste lanek ere eman dute zeresana nazioartean. Izan ere, ondorengo jaialdi hauetarako sarbidea izan dutenak: Ameriketako Estatu Batuetako Santa Barbarako (Kalifornia) eta Miamiko zinemaldietan (azken horretan «Daisy Cutter» film laburra saritu zuten), Karlovy Varyren taldeak antolatzen duen Pragako txekiar zinemaldian edo Alcala de Henareskoan, Almeriakoan («El premio» saritu zuten), Zaragozakoan («Daisy Cutter», «El premio», «Ámár» eta «Artalde» saritu zituzten) eta Bilboko Zinebin («Artalde»k herrialdeko film labur onenaren saria jaso zuen).
Orain arte Kimuak katalogoko film laburrak Albanian, Alemanian, Bahametan, Kanadan, Txinan, AEBetan, estatu frantsesean, Holandan, Irlandan, Italian, Jordanian, Polonian, Txekiar Errepublikan, Errumanian, Serbian eta Ukrainan eman dituzte eta AEBetan, Jordanian, Polonian eta Ukrainan izan dira sarituak.