GARA > Idatzia > Mundua

Atzerrian dauden gutxiengo hungariarren boz eskubidea, Bruselaren marra gorria

Hungariatik kanpo bizi diren gutxiengoei sufragio eskubidea aitortzeko legea onartu nahi du Budapestek. PPEk egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dio eta, Bruselak, berriz, «erantzukizunez» jokatzeko.

GARA | BRUSELA

Europako Parlamentuko sektore kontserbadoreak mezua igorri dio aliatu bati, Hungariako Gobernuari, alegia, atzerrian bizi diren gutxiengoei boto eskubidea aitortzeko egitasmoa baztertu dezan eskatzeko. Bruselak «erantzukizunez» jokatzeko eskatu dio Budapesti.

PPE Europako Alderdi Popularrak du pisu gehien Europako Parlamentuan, diputatuen heren bat ingururekin, tartean Viktor Orban lehen ministro hungariarraren alderdikideak.

PPEren presidente Joseph Dauleren iritziz, Hungariatik kanpo bizi diren gutxiengoei bozkatzeko eskubidea aitortzea «onartezina» litzateke.

Kazetariei adierazi zienez, Europar Batasuneko (EB) beste herrialde batzuetan bizi direnei sufragio eskubidea onartzea eta horien muga «ontzat ez jotzea» baliokideak dira eta, beraz, «ez da onargarria».

Orbanen alderdia, Fidesz, eskuindar europarren alderdi barruan egotea «ez da arazo», Dauleren esanetan.

Jarrera horien aurrean, Europako Batzordeak arduraz jarduteko deia egin zion Hungariako Gobernuari.

Era berean, Batzordeko bozeramaile Pia Ahrenkildek nabarmendu zuenez, «oso garrantzitsua da modu arduratsuan egitea» eta «ondo kudeatuta», «beste herrialdeekiko harremanetan izan dezakeen eragina» kontuan hartuta.

«Honakoak gai korapilatsuak dira, gai historikoetan ere eragiten dutenak», esan zuen, bestalde, justizia gaiez arduratzen den bozeramaile Mateo Newmanek.

Aurreikusi zuenez, atzerrian -Errumanian eta Eslovakian, nagusiki- bizi diren 3,5 milioi hungariarri -gutxiengo etnikoetakoak- bertako bozetan parte hartzeko eskubidea emateko lege bat onartu nahi du Budapestek.

Ez da hautsak harrotu dituen era honetako aurreneko legea. Iragan urtean, beste lege bat jarri zuten indarrean, atzerrian bizi zirenei nazionalitate hungariarra ere eskuratzea ahalbide- tzen ziena. Afera horrek desadostasunak eragin zituen Bratislavarekin.

Etnia desberdinetako hungariarrak Serbia, Ukraina, Kroazia edota Austrian ere badaude.

Hungariak bere lurren bi heren galdu zituen I. Mundu Gerra eta Trianongo Itunaren (1920. urtean izenpetua) ondoren, Austria-Hungaria desegin zenean.

Tirabirak

Eslovakian, gutxiengo hungariarrak 5,4 milioi biztanletatik %10 dira, eta herrialde horretako klase politikoaren aburuz, Hungariak onartu nahi duen legeria mehatxua da.

Zentzu horretan, Bratislavako Parlamentuak beste lege bat onartu zuen, nazionalitate hungariarra onartzen dutenei eslovakiarra automatikoki ezeztatzen diena.

Errumaniari dagokionez, ordea, legeak ez duela inolako arazorik sortzen esan zuten.

Hungaria da, egun, Europar Batasuneko txandakako presidentetza duena, eta urte hasieran hartutako karguari ez zion bide zuzenetik ekin, onartu asmo zuten hedabideen legeak kritika ugari izan baitzituen Europako Batzordean.

URTARRILAREN 1ETIK

Urtea hasieran hartu zuen Hungariak EBren txandakako presidentetza, eta boto eskubidearen inguruko legeak eragindako eztabaidari hedabideen legearen inguruan sortutako polemika gehitu behar zaio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo