Estatu frantsesak lurperatua duen asilo eskubidearen tradizioa berreskuratu dute
Aurore Martin euskal politikaria gordean bizi da Estatu frantseseko auzitegiek Estatu espainolak igorritako euroagindu eskaera onartu zutenetik. Hala jakinarazi zuen Martinek berak. Orain, ordea, gauza jakina da non dagoen ezkutaturik: Ipar Euskal Herriko dozenaka eragile eta hautetsiren etxeetan. «Ondorio guztiekin» emango diote laguntza xiberotar politikariari, elkartasun keinu paregabean eta bidegabekeria nabarmen horren aurrean ez ikusia egin ezinik.
Europar demokraziek asilo eskubidea onartzen dute... beren interesen arabera eta eskuarki iheslaria herrialde urrun batekoa delarik. Tradizioz, Estatu frantsesa eskubide horren defendatzaile izateaz harro agertu izan da beti, baina gaur egun eskubide hori, besteak beste, lurperatua du. Hala ere, azken egunetan asilo eskubidearen tradizioa berreskuratu dute Estatu frantsesean bertan, baina Estatu hori gorabehera eta Estatu horren larderiaren aurka. Aurore Martini babesa eskainiz, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatuz, egunetik egunera gehiago diren lagun horien elkartasunak bi estaturen jukutriak eta ankerkeriak ageriago utzi ditu. Nor bere lekuan.