GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Berlusconiren «erregealdiaren» amaiera...?

Italiako Auzitegi Konstituzionalak herrialde hartako Justizia ministroak bultzatutako «eragozpen legitimoa» delako dekretuaren gaineko ebazpena ez da Berlusconiren alderdiaren gustukoa izan. Dekretu horri esker muzin egin die lehen ministroak ustelkeria eta iruzur akusazioei, hartara bere kontrako zenbait auzi etenda. Konstituzionalak legearen aurrean pertsona guztiak berdinak direla dioen xedapenari heldu dio bere ebazpena argudiatzeko, «konpromiso ofizialek» epaiketetara ez joatea justifika lezakete, beti ere epaileek konpromiso horien zilegitasuna ontzat jotzen badute. Balioen Italia alderdiak dekretu horren gainean proposatu zuen erreferenduma, Auzitegi Konstituzionalak onartu zuena, bertan behera geldituko da segur aski ebazpenaren ondorioz, baina hil honen bukaeran Berlusconik gehiengo zabala beharko du Parlamentuan hauteskundeak deitzea saihesteko, eta Konstituzionalaren erabakiak eragina izan lezake haren egoera politikoan. Izan ere, zaila zirudien Il Cavalierek gehiengo hori lortzeak, eta are zailagoa Konstituzionalaren ebazpenaren ondoren. Hala ere, zaila ematen zuen, halaber, orain dela hilabete, zentsura mozioa gainditzeak eta, hiru botoren aldea besterik atera ez bazuen ere, lortu egin zuen. Modu lotsagarrian, baina lortu zuen. Horrenbestez, goizegi da, nonbait, Berlusconiren azken agurra iragartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo