GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jabi Agirre Lupiola Lezama

Kurutzeko (Lezama) traba arkitektonikoak

Diru gutxirekin konpon litekeen arazoa daukate Kurutzeko auzokideek: pertsona ezinduak gaindiezinezko trabak dituzte, euren kontura bertatik mugitu ahal izateko.

Badira hamalau urte bertako bizilagun bat, Bernardo, elbarritu zela, eta etxekoak azken urte hauetan Udalera hainbat bider jo dute sufritzen duten arazoaren berri ematera, baita konpobidea eskatzera ere, baina oraindio ez dute erantzunik jaso.

Ulertezina da egoera horretan dagoen pertsona batek Arartekoarengana jo behar izatea, erraz konpon daitekeen gaia Udalak aintzat hartzen ez duelako.

Jakin dugunez, Elbarrien Elkartekoek ere txosten bat bidali diote Udalari non aipaturiko trabak ezabatzeko egin beharreko aldaketak azaltzen diren.

Nire ustez, gaur bertan Kurutzen elbarri bakar bat ez balego ere, Udalak kontuan izan beharko luke edonori suertatu dakiokeela egoera horretan aurkitzea; beraz, gure kale eta zintarriak egokituta egon beharko lirateke edozein elbarritu bere kabuz mugitu ahal izateko, bai bere auzunean bai herriko beste gune batzuetan ere. Ez da ahaztu behar konponketa horietan gastatzen den dirua herritar guztion zergetatik ateratzen dela.

Obra berriak egiterakoan, aldez aurretik hartu beharko dira neurriak eta lehendik dauden oztopoak konpondu, pertsona horien bizi-kalitatea hobetzeko.

Kurutze inguruan, obra berriak egiten ari da Udala, eta uste dugu egingo diren bideak, zintarriak eta abar egokiak eta erosoak izango direla eta, bide batez, lehendik dauden trabak ezabatuko dituztela.

Horrela bada, helduko da zoriontzeko unea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo