GARA > Idatzia > Ekonomia

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak Opencor-en irekitzea gogor salatu dute

El Corte Ingles taldeko Opencor saltokiaren irekitzea langileen eskubideen kontrako erasotzat jo dute ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak, eta ondorio larriak ekarriko dituela iragarri dute. Horiei aurre egiteko, denda horietan ez kontsumitzera dei egin dute.

GARA |

Ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak egunean 18 orduz eta urtean 365 egunez irekita egongo den Opencor saltokiaren -El Corte Ingles taldekoa- irekitzea gaitzetsi dute, eta enpresak langileek jaiegunetan atseden hartzeko eskubidea urratzen duela salatu dute.

Indar politikoon aburuz, Opencor-en irekitzea «merkataritza handia jaiegunetan zabaltzeko lehen pausoa da», eta horri aurre egiteko, herritarrei denda horietan ez kontsumitzeko eskatu diete, ordezkatzen duten merkataritza, hiri mota eta garapen eredua zigortzeko.

Ildo horretatik, alderdiok prentsa ohar bidez ohartarazi dutenez, merkataritza handiak jaiegunetan zabaltzeko aukera izateak «ondorio larriak» izango ditu: merkataritzako langileen lan baldintzak kaskartzea, merkataritza txikiak pairatuko duen kalte larria, eta «gutxi batzuen negozioa eta etekinak soilik lehenesten dituen eredu ekonomiko arrotz baten inposaketa». «Enpresaburu handiek mozorroa kendu dute; helburu argia dute: jasotzen dituzten etekin handiak biderkatzea, eta horretarako ezinbestekoa da lan-eskubideak zanpatzea eta lan baldintzen prekarizazioa», gaineratzen dute oharrean aipatu alderdiek.

«Bidelagun leialak»

Halaber, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak salatu dute Opencorrek «bidelagun leialak» topatu dituela Bilbon, zabaltzeko baimena eman dioten EAJ eta EB, hain zuzen. «Hauek berriz ere merkataritza-interes handien alde eta langile eta sindikatuen kontra egiten dute», esan dute. Horrez gain, larritzat jo dute Iñaki Azkuna alkateak Opencorri eman dion babesa, horrela babesa ematen baitie «egungo gizarte eta familia harremanen desagerpen, auzoen basamortutze eta onuradun bakarra izango den eliteari».

elkarretaratzeA

Hiru indar politiko hauek bat egin dute urtarrilaren 21ean ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk Bilboko udaletxearen aurrean deitu duten elkarretaratzearekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo