GARA > Idatzia > Euskal Herria

EHEk manifestazioa deitu du Euskal Herri burujabe eta euskaldunaren alde

p016_f01_092x089.jpg

Nagore BELASTEGI

Euskal Herrian Euskaraz herri mugimenduak otsailaren 12rako Euskal Herri euskaldun eta burujabearen aldeko manifestaldia deitu zuen atzo. Egun horretan Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri omenaldia egingo diote. Unai Larrantegi eta Igone Lamarain EHEko kideek adierazpena irakurri zuten.

Larrantegik adierazi zuenez, Euskal Herriak duen arazo politiko nagusia euskararena da, «asimilazio prozesuaren ondorioz menpeko hizkuntza bilakatu» delako. EHEren ustez, Estatu frantses eta espainoleko konstituzioek hizkuntza komunitate orok behar duen lurralde hegemonikoa ukatzen diote, eta horregatik, «Sasi guztien gainetik, euskaldun eta burujabe!!» leloarekin esan nahi dutena da «konstituzioetatik askatzea baino beste aukerarik ez» dagoela.

Euskal Herriaren burujabetasuna eskatzeko otsailaren 12an Donostiako Bulebarretik 17.00etan abiatuko den manifestazio nazionala aurkeztu zuten, eta herri mugimenduaren www.euskalherrianeuskaraz.org webgunearen bidez atxikimenduak bidaltzera gonbidatu zituzten norbanako zein kolektibo guztiak. Gainera, Larrantegik azaldu zuenez, mobilizazioa aitzakia hartuta Euskal Herriko eragile batzuekin nazio mailan harreman dinamika bat martxan jarri dute, oinarri ideologikoez, eragiteaz eta aktibazioaz mintzatzeko. Bestalde, manifestazioarekin batera Txillardegiri omenaldi-ekitaldia egingo diote EHEren sortzaileetako bat izateaz gain, herri euskaldunaren aldeko mugimenduan eta euskalgintzan erreferente handia delako. «Urteetan erakutsitako borrokarako grinaren eta konpromiso irmoaren aurrean merezitako omenaldia egingo diogu», nabarmendu zuen Larrantegik.

«Bigarren mailakoak»

Lamarainen esanetan, euskal komunitatea hizkuntza komunitate minorizatua da, Euskal Herriko hiru milioi biztanleetatik laurdenak baino ez dakielako euskaraz; eta euskal hiztun guztiek badakite, ordea, gaztelaniaz edo frantsesez. «Euskarak betetzen zituen ia funtzio guztiak erdarek betetzen dituztenez, euskaldunok bigarren mailako herritarrak gara gure herrian», salatu zuen EHEko kideak.

EHEren arabera, munduan ehunka hizkuntza galtze bidean daude, eta horiekin batera kulturak eta herriak. Horren errua globalizazioak du, baina estatuak dira ordezkatze prozesuaren gidariak eta erantzuleak. Herri mugimenduak lortu nahi duena euskaraz bizi den herria nabarmentzea ekarriko duen praktika da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo