GARA > Idatzia > Mundua

Netanyahuren Gobernuan geratzeko, Alderdi Laborista zatitu du Ehud Barakek

Ehud Barakek eskuinera jo du, eta Alderdi Laborista utzi eta talde berria osatu duela iragarri zuen atzo. Erabaki honen helburua Benjamin Netanyahuk zuzentzen duen Gobernuan Defentsa ministro izaten jarraitzea da. Netanyahuk, berriz, sostengua lortzen du.

GARA

Israelgo Defentsa ministro Ehud Barakek Alderdi Laborista zatitu du, talde berri bat sortuz, Benjamin Netanyahuk zuzentzen duen Gobernuan geratzeko helburuarekin.

Prentsari egindako adierazpenetan, Alderdi Laboristak ezkerrera jo duela esan zuen Barakek bere erabakia justifikatzeko, «gehiegi egin du ezkerrera».

Alderdi berriak Hatzmahout (Independentzia) izena izango du, eta Barakekin batera, Knesset-eko [Parlamentua] talde laborista osatzen zuten hamahiru kideetatik beste lauk ere alde egin dute bertara.

«Talde parlamentario, mugimendu eta alderdi berria osatu dugu gaur. Alderdia zentrista, sionista eta demokratikoa izango da Ben Gurionen ildoari jarraituz», esan zuen Barakek Knesseten. David ben Gurion Israelgo Estatuaren eta Alderdi Laboristaren (Mapai) sortzailea izan zen.

Knessetaren Batzordeak atzo berretsi zuen talde parlamentario berri bat sortu zela. Atzora arte Alderdi Laboristak zituen hamahiru parlamentarietatik bostek talde berriarekin bat egin dute (Ehud Barak, Shalom Simhon, Einat Wilf, Orit Noked eta Matan Vilnai), Knesseten webgunearen arabera.

Irrati publikoko politika arloko berriemaile Hanan Cristalek esan zuenez, Barakek bultzaturiko Alderdi Laboristaren zatiketak «Netanyahu indartuko du», hemendik aurrera gehiengo parlamentario txikiagoa baina fidelagoa izango duelako. 120 diputatuetatik 66k buru-belarri egingo dute bat Netanyahurekin aurrerantzean.

Komunikabide guztiek nabarmendu zutenez, Netanyahuk bazuen Baraken egitasmoaren berri. Zatiketa ustez sekretupean egin bada ere, Defentsa Ministerioa zuzentzen jarraituko zuela agindu zion Netanyahuk Baraki.

Balantzaren beste aldean, Yitzhak Herzog Gizarte Gaietako Gobernuko ministro laboristak dimisioa aurkeztu zuen. Ordu batzuk geroago, beste bi ministro laboristek, zehazki, Industria eta Merkataritza arloko Benjamin ben Eliezer-ek eta Gutxiengoen Eskubideen Zaintzako Avishai Bravermanek ere bide bera hartu zuten.

Azken hilabeteotan, Aginte Palestinarrarekin elkarrizketari berriro ekiteko Netanyahuri ultimatum bat ezartzearen aldekoa izan da ministro eta diputatu laboristen zati bat.

Alderdi Laborista bilera garrantzitsua egitekoa zen otsailean edo martxoan berriz palestinarrekin negoziatzen hasi ezean Gobernutik alde egingo zutela adierazteko. Hori azaldu zuen Cristalek, eta gaineratu zuenez, testuinguru hori sortzea ekiditeko asmoa izan lezake Baraken erabakiak.

Igandean izan zuten Ministroen Kontseiluko bileran, Netanyahuk zenbait agintari laboristari leporatu zien Aginte Palestinarrarekin izandako azken negoziaketen porrota.

Netanyahuren iritziz, Gobernutik alde egingo zutela adieraziz Aginte Palestinarra indartzen zuten, negoziazioetan jarrera oldarkorrago bat izateko aukera emanez.

Laboristen artean zegoen eztabaidak alderdiak inkestetan beherakada larria izatea eragin du. Hurrengo hauteskundeetan bost edo sei diputatu baino ez zituela lortuko aurreikusten zuten. Atzoko banaketara arte hamahiru parlamentari zituen.

Horrelako emaitza bat eskuratzea izugarrizko kolpea izango litzateke Alderdi Laboristarentzat, eta bere iraupena bera ere arriskuan jarriko luke. Kontuan izan behar da azken 30 urteotan ia beti Gobernuan izan dela eta Israelgo Estatuaren sorreraren protagonista nagusi izan zela. Hain zen handia bere indarra, ezen askotan zaila suertatzen baitzen Estatuaren eta alderdiaren arteko mugak zehaztea.

2007tik zuzentzen zuen Barakek Alderdi Laborista. 2009an hauteskundeetan inoiz izan duen emaitzarik kaskarrena lortu zuen, eskuin eta ultraeskuinekoak izan zirelarik boz gehien lortu zuten alderdiak, Netanyahuren Likudekin batera Avigdor Liebermanen Israel Beitenu indar nagusiak izatera pasa zirelarik, Tzipi Livniren Kadima alderdia izan bazen ere parlamentari gehien lortu zituena.

egonkorragoa

Ehud Barak-ek Alderdi Laboristatik alde egiteak eta talde berria sortzeak Israelgo Gobernua askoz ere egonkorragoa bilakatuko duela nabarmendu zuen Benjamin Netanyahu lehen ministroak.

berriro osatzeko

«Aldaketa positiboetarako aukera zabaltzen da Alderdi Laboristan. Barakek alde egiteak alderdia berritu eta gizarte arloko jarduera berreskuratzea ahalbidetuko du», esan zuen Yitzhak Herzog ministro ohiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo