GARA > Idatzia > Kirolak> Tenisa

Australiako Irekia

Zerrendaburuek patxadaz ekin diote lehiaketari

Irekiera eguneko ezusteko bakarra Davydenkoren kanporatzea izan zen.

p039_f01_666x666.jpg

Jeremy MAROT (AFP) | MELBOURNE

Roger Federer zein Novak Djokovic, gizonezkoetan, eta Caroline Wozniacki, emakumezkoetan, arazorik gabe sailkatu ziren Australiako Irekiaren bigarren kanporaketarako lehiaketaren lehen jardunaldian. Izan ere, faborito nagusien artean huts egin zuen bakarra Nikolay Davydenko errusiarra izan zen, Florian Mayer alemaniarraren aurka lau setetan galduta.

Pista nagusian goizez jokatzea egokitu zitzaion Roger Federer egungo txapeldunari. Suitzarrak aise menderatu zuen Lukas Lacko eslovakiarra, sailkapeneko 97. dena. Partida ez zen ordu eta erdira iritsi eta emaitzak argi erakusten du bien arteko aldea: 6-1, 6-1 eta 6-3. Lan zailagoak izango ditu hurrengo kanporaketan Gilles Simon frantsesaren, berriki Sydneyko torneoa irabazi duenaren aurka.

Djokovicek ere indartsu ekin zion lanari Australian. Serbiarrak Marcel Granollers kataluniarra erabat zapaldu zuen (6-1, 6-3 eta 6-1) eta Ivan Dodig kroaziarraren aurka neurtuko ditu indarrak bihar. Segurtasun neurri zorrotzak hartuko ditu antolakuntzak norgehiagoka horretarako, 2007an jarraitzaile serbiar eta kroaziarren artean istilu gogorrak izan baitziren, eta 2009an ere bai, serbiar eta bosniarren artean.

«Horrelakorik ez gertatzea espero dut. Itxura txarra ematen dugu munduaren aurrean eta jokalarion artean ez dago horrelako ezinikusirik. Lagun onak gara denok», aipatu zuen Djokovic lehiaketako hirugarren zerrenda buruak.

Davydenkok, aldiz, 6-3, 4-6, 7-6 eta 6-4 galdu zuen Mayerren aurka eta uste baino lehen esan dio agur Melbourneko hitzorduari. «Nire joko mailarekin ez nabil batere gustura eta, horren faltan, borroka egiten saiatu naiz. Baina jada ez naiz horren gaztea eta korrika eginez bakarrik ezin da irabazi», azaldu zuen munduko hirugarren jokalari onena izandakoak.

Eguneko partidarik ikusgarriena, berriz, Gael Monfils frantsesak eta Thiemo De Bakker holandarrak jokatu zutena izan zen. Monfilsek buelta eman zion neurketari aurreneko bi setak galdu eta gero: 6-7, 2-6, 7-5, 6-2 eta 6-1. Roddick, Berdych eta Verdascok ere aurrera egin zuten gizonezkoen adarrean.

Sharapova bueltan da

Emakumezkoetan, Caroline Wozniacki daniarrak ongi bete zuen bere egitekoa eta bi set nahikoa izan zituen Gisela Dulko argentinarra kaleratzeko (6-3 eta 6-4). Lehen serieburuak Vania King estatubatuarra izango du aurkari bigarren kanporaketan, eta litekeena da hirugarren txandan Justine Henin waloniarrari aurre egin behar izatea. Bestalde, Maria Sharapova errusiarrak bere lehen garaipena lortu zuen lehiaketan, 2008an garaile irten zenetik, 6-1 eta 6-3 irabaziz Tamarine Tanasugarn tailandiarraren aurkakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo